Maskarak derrigorrezkoa izateari utzi dio bihar; ez, ordea, leku guztietan. Garraio publikoan ez da salbuespenik izango eta beraz, villavesan, autobusetan, tren, hegazkin eta ferry modukoetan bidelagun izango dugu muxukoa oraindik. Bestalde osasun zentroetan sartzeko ere muxukoa beharrezkoa izanen da, hau da, Osasun Etxe, Ospitale, Farmazia eta odol bankuan. Azkenik adinekoen egoitzetan eta erresidentzietan sartzeko muxukoa jantzi behar dugu, baina soilik langile eta bisitariek. Egoiliarrek printzipioz ez.
Enpresa pribatuetan enpresa bakoitzak hautatuko du. Gomendioa izango da langileen arteko metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean zein aireztapena eskasa denean, muxukoa erabiltzeko.
Ikastetxeetan Madrildik aurreratu dutenez muxukoen erabilera ez dute gomendatuko, eta Euskalerria Irratiak jakin izan du Nafarroako ikastetxeei jakinarazi dietela bertan muxukoa ez dela derrigorrezkoa izanen.
Dendetan, zinema aretoetan eta aisialdia. Hauek erabilera publikoko espazio pribatuak dira eta bertan ere ez da beharrezkoa izanen baina espazio itxietan “arduraz jokatzeko” deia luzatuko diete erabiltzaileei.
Covida dutenentzakoa gomendioa. Muxukoaren erabilera orokortua gomendatzen zaie koronabirusak jota daudenei, hau da, eremu guztietan erabiltzea. Honekin batera harreman sozialak murriztu eta zaurgarrienekin kontaktuan izatea ekiditeko eskatuko zaie. Egoitzetan bost eguneko berrogeialdia egin behar izango dute.