Gerrei intsumisioa. Putin ez! OTAN kanpora! leloarekin manifestazioa eginen dute larunbatean, hilak 9, 18:00etan, Gazteluko plazatik abiaturik. Deitzaileak kontzientzia eragozpen eta intsumisio mugimenduan parte hartu zuten hainbat antimilitarista dira. Gehiengo sindikal zabal batek egin du bat deialdiarekin, CCOO, ELA, LAB, STEILAS, CGT, CNT, ESK, SOLIDARI, EHNEk eta Hiru sindikatuek adierazi baitute aldekotasuna.
Mobilizazioak beste hainbat hiritan
Deitzaileek manifestu bat plazaratu dute, haien aldarrikapenekin. Dagoeneko 2.000 atxikipen baino gehiago jaso dituzte Estatu osoan, horietatik 400 Nafarroan. Agiri horren ingurumarian, larunbatean bertan Gerrei intsumisioa goiburuarekin mobilizazioak eginen dituzte Bilbo, Zaragoza, Logroño, Bartzelona, Granollers, Menorca, Madril, Albacete eta Jerezen.
Agirian, lehenik eta behin Errusiak Ukrainako inbasioa bertan behera utz dezala eskatzen dute. Halaber, Europako Batasunari eta Espainiako Gobernuari exijitzen diete alde bateko zein besteko desertoreen babes eskaerak onar ditzatela, kontzientzi eragozpen eskubide unibertsala bermatuz. Horretaz gain, NATOk Ukrainara armak bidaltzeari uztea galdegiten dute. Azkenik, babesa eskaintzen diete Ukrainako zein Errusiako bakezaleei.
Amaiera ekitaldi musikatua
Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Gazteluko plazatik, Intsumisioaren Parkean amaitzeko, hau da, San Roke karrikako espetxe zaharraren orubean. Han amaiera ekitaldia musikatua eginen dute. Mintxo Astiz eta Sahats Aleman bertsolariek abestuko dute, eta Zarys Falconek joko du.