Toki-erakundeetan euskara zerbitzuak sustatzeko Udaltop jardunaldien XIV. edizioa maiatzaren 12an eta 13an izanen da. Aurtengo edizioan 16 urte bitartekoengan jarriko da fokua. Hain zuzen, horien artean euskara sustatzeko politika publiko egokiak antolatzeko gakoak ematea izango da xedea.
Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, 2022 urteko egitarauak lau ardatz izango ditu aztergai: ikuspegi orokorra, eskola, eskola-orduz kanpoko jarduerak eta talde-lana.
Hamalaugarren edizio honetan, Udaltopek Lasarte-Oriako plaza berreskuratuko du. Bi urteko etenaldiaren ondotik, Manuel Lekuona Kultur Etxeak bi eguneko jardunaldia hartuko du 2022ko maiatzaren 12an eta 13an eta online jarraitzeko aukera ere izango da
Jardunaldiaren egitaraua www.udaltop.eus webgunean dago eskuragarri. Horren hasieran, haur-gaztetxoen ezaugarri soziolinguistikoen gaineko ikuspegi orokorra emango dute erakunde publikoetako ordezkariek. Nafarroaren kasuan, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak azalduko du Foru komunitateko egoera.
Egitarauan Kataluniako egoeraren berri izateko saio bat txertatu da, bai eta, eskolako eta eskolaz kanpoko esparruen arteko lankidetzaren adibide diren proiektuak ere; horien artean, Nafarroan egindako bi: haurrak euskaraz eskolaturik dituzten familientzako informazioa eta baliabideak eskaintzen dituen Era webgunea, Nafarroako 28 toki entitatek sustatua; eta euskara aisialdian, digitalean ere, sustatzeko Euskaraz kilika! egitasmoa, Dindaia Fundazioak burutua.
Topaketak Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa den Euskarabideak eta Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Communauté D «Agglomeration Pays Basque» erakundeak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dituzte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da eta aurrez aurrekoa edo on line modalitatekoa hautatu beharko da.