0-3 plataformak bi urteko gelak sortzeari "uko" egiteko eskatu dio azken hilabeteetan Hezkuntza Departamentuari. Aste honetan mintzatu da lehenenenoz Carlos Gimeno kontseilaria gaiaz, publikoki. Zikloa ez dutela zatituko ziurtatu du, iradokiz plataforma gezurretan ari dela. Adierazpenak “onartezintzat” jo ditu Eider Garde 0-3 zikloko hezitzaileak.
Atzo batzar jendetsua egin zuten haur eskoletako profesionalek, protestarako zein bide hartu erabakitzeko. Azken hilabeteetan hainbat protesta egin dituzte, baina PSNren eta gobernuaren jarrera ikusita, une honetan, greba mugagaberako aukera gero ere garbiago dute.
Barañaingo erakusketa aretoko edukiera bete zuten atzo hezitzaileek. Zikloaren eta langileen duintzea eskatzeko protestak batasuna eragin baitu langileen artean: “Talde sentimendua sortu da haur eskola guztien langileen artean, talde izaera hori berretsi genuen atzo”. Gaur onartuko dute atzoko batzarraren akta, eta astelehenean erabakiko dute grebara jo edo ez, bozka bidez. Baiezkoa ateratzekotan, maiatzaren 2an abiatuko lukete lanuztea.