Ukrainako 1.200 errefuxiatu iritsi dira Nafarroara

Euskalerria Irratia 2022ko api. 6a, 07:42

Ukrainaren inbasioaren aurkako elkarretaratzea Iruñean. (Argazkia: Ekinklik)

581k aldi baterako babesa eskatu dute, 489k osasun-estaldura dute, eta 135 adingabe eskolatu dituzte.

Ukrainatik Nafarroa Garaira etorritako errefuxiatuak gutxienez 1.200 dira, Nafarroako Gobernuak egindako estimazioaren arabera. Kalkuluok egiteko tenorean, foru erkidegoan nazioarteko babesaz arduratzen diren bi erakundeek (Gurutze Gorria eta CEAR) hartutako pertsonak hartu dituzte aintzat. Kontuan hartu dituzte, halaber, Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak sortutako Larrialdietako Bulegoak jasotako informazioa eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek helarazitako informazioa.

Gobernuaren arabera, etorreren prozesua moteldu egin da azken astean, "modu nabarmenean". 1.200 pertsonetatik, 108 gizonak dira, 536 emakumeak eta 556 adingabeak. Proportzio hori bat dator EBko Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetan ematen ari den babes-tipologiarekin; izan ere, iheslarien ia erdiak haurrak dira, %40 gehiago emakumeak eta %10 baino ez gizonak. Datuak zenbatespenak dira; izan ere, Ukrainatik datozen pertsonek ez dute gurera sartzeko ate zehatzik, eta %80 baino gehiago etxe partikularretara iristen dira, bai familia-sareetara, bai harrera-familietara. Hori dela eta, "oso garrantzitsua da Larrialdietako zerbiztuekin harremanetan jartzea, gure erkidegora iritsitakoan dituzten eskubideen berri izan dezaten", adierazi du gobernuak.

Une honetan, 194 pertsona daude asilo eta babes programak kudeatzen dituzten Gurutze Gorriaren eta CEARen dispositiboetan (18 gizon, 92 emakume eta 84 adingabe), eta dagoeneko 581 pertsonak eskatu dute aldi baterako babesa horretarako gaitutako Atzerritarren bulegoetan, 511k Iruñean eta 70ek Tuteran, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak emandako datuen arabera.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!