Hainbat kazetari eta herri komunikabidek Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren "berehalako askatasuna" eskatu dute. Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratze inkomunikatuaren aurrean elkartasuna eta babesa adierazi diote. Honekin batera espetxeratzea bidegabea dela azpimarratu dute.
Hedabideetako kideek Europan Rusia Today eta Sputnik hedabideen zentsurarekiko kezka adierazi dute Europar Batasunaren norabide "autoritarioa" kritikatuta eta Errusiar Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko lege berrien aurka azalduta.
Tartean Euskalerria Irratiko kazetariek sinatu duten agirian honakoa jaso dute: "gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio askatasuna urratuz.
Gogoratu dute "Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen du prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa. Lurralde, honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte. Gainera, gaur egun, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta lege bidegabe horren bidez, testu hau sinatzen dugun hedabide eta kazetari askori isuna jarri digute edo jazarri gaituzte".
Aipatu bezala Nafarroako, EAEko, Espainiako eta Europako erakundeei Pablo Gonzalez lehenbailehen etxeratzeko lanari ekin diezaiotela exijitu diete, presio diplomatikoaren eraginkortasuna azpimarratuta. Adierazi dute agintarien inplikazioa bestelakoa litzatekeela "Pablo Errusian atxilotu izan balute. Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan". Etxe honetako lankideekin batera honako hedabideek eta kazetariek sinatu dute: Ahotsa.info, 97 irratia, Zintzilik irratia, Esan Erran irratia, Hala Bedi irratia, Aiaraldea Komunikabidea, Buruaga, Txapa irratia, Antxeta irratia, ZuZeu eta Eguzki Irratia hedabideek; Argia, Mediabask, Radio France eta Euskal Irratietako hainbat kazetarik.