KORRIKA

"Euskara ikasteko doakotasuna" aldarrikatu dute Donibane Garaziko adierazpenean

Euskalerria Irratia 2022ko api. 4a, 17:45

AEK-k eta hainbat euskaltegik egin dute testuaren irakurketa hiriburuko Gau Eskolaren atarian. 

Donibane Garazin, Behe Nafarroako hiriburuaren izena duen  deklarazioa egin dute AEK eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek. Bertan adierazi dute “22. Tantoa egiteko unea dela” bestela esanda euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada” izan behar dutela.

Horregatik guztiagatik Euskal Herriko erakundeei eskatu diete neurriak hartzeko.

Adierazpena Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurri du Donibane Garaziko Gau Eskolaren atarian, Korrika bertara iritsi aurretik. Euskararen doakotasuna etengabe aldarrikatzen ari dira azken hilabeteetan eta horrekin bat egin du beraz Donibane Garaziko adierazpenak.

Hala mintzatu da Iribarren: “Euskaraz bizitzea erronka dugu, eta, horretarako, ezinbesteko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa; denon eskubidea delako”. AEKko koordinatzaileak berretsi du “Jauzi esanguratsuak emateko garaia” dela eta  aldaketa aldarrikatu du administrazio publikoen hizkuntza politiketan zein eragileek sustatutako euskararen normalizazio prozesuetan. Honelako irakurketak bildu dituzte 1061 kilometroaren atarian: “Argi dugu euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar direla, eta hori erdiesteko nahitaezkoa da ezagutza bermatzea”.

Aipatu bezala, erakunde publikoen gain jarri dute begirada gaurkoan haien paper “garrantzitsua” azpimarratuta, “bistakoa” baita “egungo hizkuntza politikek oraindik ez dutela hiztunen arteko hizkuntza berdintasuna lortu”. Hori dela eta “euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak jarri behar dira abian”.

Euskararen ezagutza normalizatu eta unibertsalizatzeko prozesuan lau gako zerrendatu dituzte: hezkuntza, helduen euskalduntzea, hizkuntzaren transmisioa eta euskararen gizarteratzea. Erabilera eremuak aldarrikatu dituzte Euskal Herri osoan eta berriro ere agintariei erreparatu diete “euskara eskubide gauzagarria izan dadin ikasi nahi duen ororentzat” eskatuta.

“Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu” azaldu dute, euskararen alde lan egiten duten eragileak eta tokiko elkarteak zerrendatuta: UEMA, Euskarabidea, EEP, HPS, udalak, Kontseilua.... Hori dela eta, berretsi dute, “elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide orria. 22. tantoa jokatzera goaz, eta, denon artean, elkarlanean, partida irabaziko dugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!