Trafiko eskualdaketaren atzerapena kritikatu dute parlamentuan

Euskalerria Irratia 2022ko api. 4a, 11:52

Maria Txibite Nafarroako presidenteari azalpenak eskatuko dizkiote Geroa Baik eta EH Bilduk.

Aurreko asteazkenean Javier Remirez presidenteordeak aurreratu zuen, eta osteguna, Isabel Rodríguez Lurralde Politikako ministroak baieztatu zuen Trafiko Eskuduntzaren Nafarroarako eskualdatzea gauzatzetik urrun dagoela.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak 2019ko maiatza baino lehen gauzatzeko konpromisoa hartu zuen, eta, harrezkero etengabe atzeratu egin dela. Hainbat izan dira hiru urtetan eskuduntza aldaketa hau sinatzeko ezarritako edo iragarritako datak baina presidenteordeak onartu zuen "Nafarroaren eta Estatuaren arteko jarrerak ez daude gertu eskualdatzearen kostu ekonomikoari dagokionez". PSNk ez du informazio gehiagorik eman gaur Nafarroako Parlamentuan. “Iritsi behar denean iritsiko da”, esan du Ramon Alzorrizek.

Geroa Bairen iritziz, sozialisten “porrot bat” litzateke eskuduntzaren aldaketa ez gertatzea. “Ez genuke ulertuko akordiorik ez erdiestea”, adierazi du. Legegintzaldia bukatzeko urtebete geratzen dela gogorarazi du Uxue Barkosek, eta argitu duenez gaiaz galdetuko du koalizioak, hurrengo osoko bilkuran.

EH Bilduk kezka agertu du gaiaren inguruan. Atzerapenaren arrazoi nagusiak ezagutu nahi ditu alderdiak, eta horreatarako Maria Txibite Nafarroako presidentearen agerraldia eskatu du. “Estatuko presioa al da atzerapenaren arrazoia? Guardia Zibilaren presioa?”, galdetu du Adolfo Araizek.

Transferentzia gauzatzeko kemena eskatu dio Ezkerrak gobernuari. “Atzeapena ez dugu ulertzen”, adierazi du Marisa De Simonek. “Adarra jotzen ari zaizkigu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!