Bigarren astez jarraian, Korrikaren aurka egin du Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordean. Adierazpen instituzional bat aurkeztu du gaur, “ETAko presoen aldeko propaganda hutsa egiteko” baliatu dela iritzita. Parlamentariek ez dute testua onartu, guztien babesa behar delako. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak bozkatu dute kontra.
Parlamentuak Korrika “sektarioki erabiltzearen aurkako jarrera irmoa erakustea” nahi izan du adierazpen instituzionalaren bitartez Navarra Sumak. Korrika “ETAko terroristak eta ezker abertzalearen aldarrikapenak aldarrikatzeko plataforma” bihurtzen ari dela uste du eskuineko hirukoak. Terrorismoaren aldeko aldarriak “ugariak eta etengabeak” izan direla dio, horiek gaitzesteko eskatu nahi izan diote AEKari. Kazetarien aurrean ikurrinaren erabilpena kritikatu du Navarra Sumak: "Nafarroako bandera instituzionalak beste erkidegoetako banderek bezain beste defendatzen du euskara".
Adierazpen instituzionalak parlamentuak Korrikan parte hartzea mugatzeko asmoa zuen, azken bi puntuetan. Gaitzespena egin ezean, ganberak kilometroa erosteari ezetz esan beharko ziokeen eta parte hartzeko erabakia aho batez hartu beharko zuketen.
Lehenengo hiru puntuekin bat egin du PSNk, eta azken biak kentzeko eskatu diote Navarra Sumari. Hori egiteko prest azaldu da eskuina, eta betoa kenduta alde bozkatu du.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, Navarra Sumaren oposizioarekin, Korrikaren kilometro bat erostea onartu zuen. Unai Uhalde parlamentuko buruak, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak parte hartu zuten larunbatean lasterketan. Horiek izan dira adierazpena onartzea galarazi dutenak.
Geroa Baik uste du festa bat izan beharko lukeela Korrikak. Bi gaitzespen egin ditu Geroa Baik, batetik pankarta zenbaiten bitartez Korrika “bereganatzen” saiatu direnen ekintzak arbuiatu ditu, eta zentzu berean, Navarra Sumak egindako “erabilera maltzurra” kritikatu du.
Euskaltzaleen gogoa txalotu du EH Bilduk. Adierazpen instituzionalak hori estaltzeko asmoa zuela uste du Adolfo Araizek: “Hizkuntzaren alde egin diren aldarriak estali nahi izan dituzte”.
“Gutxiengo baten orokortze saiakera bat izan da”, iritzi dio, halaber, Ahal Duguko Mikel Builek. Navarra Suma Nafarroako Parlamentuaren parte hartzea betatzen saiatu duela kritikatu du, adierazpena aurrera atera izan balitz aho batez erabaki beharko litzatekeelako hori.
Navarra Sumak gatazka eta polemika sustatu nahi dituela uste du Ezkerrak. Adierazpen instituzionala “interesatua” dela uste du Marisa De Simonek. Hark ere parte hartu zuen, eta “normaltasuna” ikusi zuela adierazi du. “Ezin da orokortu”.