Mikel Irujo: “Erregai fosilen alternatibak sustatzen ari gara”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko api. 4a, 10:17

Erkidegoen arteko ‘Ebroko hidrogenoaren korridorea' lankidetza-akordioa sinatuko dute gaur, Zaragozan. Energia berriztagarriekin batera, hidrogeno berdea alternatiba erreala dela uste du Mikel Irujo Ekonomia eta Garapen Ekonomikoko kontseilariak.

Aragoi, Katalunia, Euskadi eta Nafarroa eskualdeen artean hidrogeno berdea sustatzeko lankidetza hitzarmena aurkeztuko dute gaur, Zaragozan. 'Ebroko hifrogenoaren korridorea' deitzen da akordioa, eta elkarrekin lan egiteko konpromisoaren erakusle izanen da Mikel Irujo Ekonomia Garapenerako kontseilariaren iritziz.

Energia fosilen prezioen gorakadaren aurrean, alternatibak sustatu behar direla azpimarratu du Irujok. "Berriztagarriak lehenik", zehaztu du. Horien ondotik, hidrogeno berdea alternatiba erreala dela adierazi du, egungo teknologiak egingarri egin duelako.

2030erako elektrolisitik abiatuta 150MW hidrogeno berde ekoiztea da Nafarroaren helburua, eta 2024rako lehen fase bat behar da, 10-30 MW artekoa, lehen instalazioen bidez. Industria-gasaren kontsumoaren % 5 hidrogeno-kontsumo bihurtzea lortu nahi da 2030. urtearen amaieran.

Gasolindegiek eskura dute erregaiaren beherapena eskatzeko orria

Espainiako Gobernuak erregaiaren prezioaren igoerari aurre egiteko 20 zentimoko beherapena iragarri du; baina, gasolindegi zenbaiten itxiera eragin du lehenengo egunetik eta haserre dira dirua aurreratu behar dutelako. Dirua eskatzeko eskaera orria eskura dute Ogasunaren webgunean. Gasolindegiei aurreratutako dirua "ahalik eta lasterren" itzuli nahi die Nafarroako Gobernuak, azaldu du kontseilariak.

Prozesua borobiltzeko asmoz, foru agindua prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Lehen hilabetean neurriak hamar milioi euroko kostua izanen du, eta guztira 35 milioi euroko kostua izanen du. Gerrak eragindako testuingurua baretuko dela espero du Irujok.

Laguntza gidarientzako da, baina prezioak igotzen ari direla ere salatu dute. Kontseilariak azaldu duenez, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordea prezioak ikuskatzen ari da, eta Nafarroako Gobernuak, bere ahalmenen barruan, Kontsumo Zerbitzuko ikuskatzaileak horretara bideratu ditu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!