BETIS 4 - 1 Osasuna

Salbaziorako aski, Europarako urri

Juan Kruz Lakasta 2022ko api. 4a, 07:49
Ante Budimir kroaziarra, baliogabetu zioten golaren ondotik. (Argazkia: Osasuna).

Osasunak lau eta bat galdu zuen Betisen aurka, atzo Sevillan, Benito Villamarín futbol zelaian jokaturiko norgehiagokan. Gorritxoek sailkapeneko eremu erosoan segitzen dute, 10., 38 punturekin.

Salbaziorako aski, Europarako urri. Osasunaren jokoak jaitsiera eroso ekiditeko ematen du, baina ez ordea Kontinenteko txapelketetarako sailkatzeko lehian sartzeko. Hori beste behin ere agerian geratu zen atzo Benito Villamarin futbol zelaian. Europarako borrokan buru belarri dabilen talde batek beste behin ere jipoia eman baitzion Osasunari.

Talde andaluziarra nafarra baino gehiago izan zen, nabarmen, baina ez, ordea, hasieratik eta amaierara arte. Lehen zatia irekia izan zen. Gorritxoak ongi aritu ziren baloiarekin, baina indarge gabe, defentsa lanetan, bereziki Nacho Vidalek eta Chimy Avilak zaintzen zuten eskuin hegalean.

Hortik iritsi ziren Betisen lehen bi golak, lehen zatiaren azken txanpan. Lehenean, Juanmik aurrea hartu zion Vidali. Hegaleko gorritxoa lokartu egin zen baloia urruntzerakoan, eta aurrelari zuri-berdeak diru zorroa lapurtu zion. Bigarrenean, Juanmik berak sareetara bidali zuen Alex Morenok eskuin hegaletik, nondik bestela, egindako erdiraketa.

Bigarren zatia abiatu bezain pronto, Betisen aukera gehiago iritsi ziren, Guido Rodriguez, Bartra eta Victor Ruizen erremateekin. Atezain gorritxoak, Sergio Herrerak, ordea, erantzun egokia eman zien horiei guztiei.

Osasunazaleek gutxien espero zutelarik, gorritxoen berpizkundea iritsi zen. Coteren erdiraketa sareetara bidali zuen Budimirrek, bi eta batekoa egiteko. Arrasatek Kike Garcia eta Javi Martinez zelairatu zituen, Darkoren eta Nacho Vidalen ordez. Eta handik gutxira bigarrena ere sartu zuen kroaziarrak, berdinketa ekar zezakeena, baina jokoz kanpo zegoen eta baliogabetu zioten.

Azkenean, berpizkunde ahalegina ezerezean geratu zen, gorritxoen atzealdearen hauskortasunagatik. Izan ere, defentsa beste bitan hautsi zen. Carbalhok areto futbolean jokatzen ariko balitz bezala baloia zapalduz Sergio Herrerari iskin egin zion hirugarren gola sartzeko. Alex Morenok pastelari ginda jarri zion, laugarrenarekin.

Gaur hamar eta erdietan Taxoaren entrenamendua izanen dute gorritxoek. Igandean, arratsaldeko ordu bietan, euskal derbia Sadarren, Alavesen aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!