Gaurtik aurrera, gutxi gora behera atzo baino 10 euro gutxiago ordainduko dira 50 litro erregaiko. Espainiako Gobernuak erregaiaren prezioaren igoerari aurre egiteko 20 zentimoko beherapena iragarri du; baina, gasolindegi askoren itxiera eragin du lehenengo egunetik.
Aribeko gasolindegiko jabe Koldo Landak, esaterako, dio ezin duela diru hori aurreratu eta ixtea erabaki du. “Eremu honetan ez daude gasolindegi asko eta badira gertuko asko erregairik gabe daudenak, beraz, egoera ez da batere erraza”, aitortu du.
Erregaiaren prezioa ez da aldatu, gasolindegietako jabeek orain arteko prezio altuan erosten ari dira, baina bezeroei deskontua aplikatu behar diete. Gasolindegiek aurreratu behar dute dirua, eta ondoren Nafarroako Ogasunak dirua itzuliko die.
Elma Saiz kontseilariak iragarri du deskontua aplikatu ahal izateko dirua aurreratuko diela ogasunak. Eskaera egin du Landak, baina ez daki noiz jasoko duen diru hori. Behin jasotzean hasiko da normaltasunez erregaia saltzen.