Elurteengatik abisu laranja ezarri dute gauerditik

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 31a, 10:30

Gobernuak kontuz ibiltzeko eskatu du gaur goizaldetik egin ditzakeen eguraldiaren aurrean. Elur-kota 300 metrotik gora kokatuko da, eta prezipitazioek zaildu egin ditzakete biharko lehen orduko joan-etorriak.

Nafarroako Gobernuak kontuz ibiltzeko aholkatu du Nafarroa iparraldeko errepideetan, gaur goizaldetik 300 metrotra elurteak iragarrita baitaude, eta prezipitazio horiek zaildu egin ditzakete biharko lehen orduko joan-etorriak.

Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) elurteengatik abisu laranja ezarri du gauerditik aurrera Nafarroako erdialdean eta Kantauri isurialdean. Bertan, 400-500 metrotik aurrera, bost zentimetroko elur pilaketa espero da 24 ordutan, eta hamar zentimetrokoa ere izan daiteke gune altuenetan.

AEMETek ere abisu horia ezarri du elurragatik Pirinioetan gaur, osteguna, 20:00etatik aurrera; izan ere, baliteke 24 ordutan hamar zentimetroko lodiera pilatzea 900 metrotik aurrera.

Nafarroako Gobernuak gomendatzen du errepideen egoera kontsultatzea joan-etorriak hasi aurretik, 848 423 500 telefonoaren bidez edo incidenciascarreteras.navarra.es webgunean. 

Larunbatean, abisurik ez

AEMETek ez du larunbaterako abisurik ezarri, eta biharkoa baino hobeagoa izanen da egueraldia. Hala ere, euripean edo elurpean iritsiko da Korrika Iruñerrira. Iparraldean, euri-jasa ahulekin estalita egongo da eguna, eta sarriago botako du eura iparraldeko muturrean. Hodeiak gutxituz joango dira eta euria mendebaldetik ekialdera egingo du egunaren amaieran. Hegoaldean, hodei-tarteak gutxituko dira, goizean prezipitazio ahul eta sakabanaturen bat baztertu gabe. Elur kota 300-600 metroan kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, tarteka Erriberan, eta egunaren amaieran ahuldu egingo da.

Mendi irteerak eta Done Jakue bidea

Bestalde, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak asteburu honetarako aurreikusita dauden mendirako irteeretan kontu handiz ibiltzeko aholkatzen du, elurra, tenperatura baxuak eta haize-bolada gogorrak direla eta.

Era berean, Babes Zibilak Donibane Garazi eta Orreaga lotzen dituen Donejakue Bidearen etapa egingo duten pertsonei Luzaideko errepidea erabiltzeko eskatu die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!