Hiru ordu t’erdiko bilera “beroa” izan zen 0-3 Plataformako kideen eta PSNren artekoa. Gobernuaren alderdiko kideek ez zuten apenas mugimendurik egin, haien ardura ukatu eta beste batzuei pasatzera mugatu ziren. 0-3 zikloa gai deserosoa dela agerian geratu zen Plataformako Eider Gardek Euskalerria Irratiari azaldu dionez: “Bilera tenkatua izan da, gogorra eta luzea. PSNren estrategia izan da Nafarroako Udalerri eta Kontzejuaren Federazioari pasatzea pilota, diote haien ardura dela ratio jaitsiera edo soldaten hobekuntza”.
Akordio programatikoan adostutakoari buruzko informaziorik ez zieten eman eta plataformarekin negoziazio mahai bat eratzeari uko egin zion atzo PSNk. Egoera horretan grebarako beste irtenbiderik geratzen ez zaiela berretsi dute hezitzaileek.