Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak oso kezkagarritzat jo du prezioen igoera berria. Martxoan, urte arteko inflazioa % 9,8koa izan da, 1985. urteaz geroztik izan den igoerarik altuena. Azken hilabetean % 2,2 igo da inflazioa.
Bilakaera hori ondasun eta zerbitzu gehienen prezioen igoera orokortuen ondorio izan da eta elektrizitatea, erregaiak eta elikagaien prezio igoera nabarmentzen da gehien bat.
Testuinguru horretan, Iratxek positiboki baloratzen ditu ostiral honetan indarrean sartuko diren arauak, baina uste du "ez direla nahikoak izango". Horregatik, neurri berriak hartzeko deia egin du, eta besteak beste eskatu du aldi batez elektrizitatearen zergak "eteteko".
Honekin batera eskatu dute argindarraren ordainagiria gasaren preziotik bereizteko. Izan ere "arazo larrienetako bat elektrizitatearen prezioa finkatzea da". Iracheren ustez, "ezinbestekoa da gasaren prezioa eta elektrizitatearen prezioa modu eraginkorrean bereiztea". Kontsumitzaileen elkartearen ustez modu horretan " kontsumitzaileei eta, oro har, ekonomiari eragiten dien faktura elektrikoa benetan jaistea gerta" bailiteke. Era berean, Europako agintariek prezioak finkatzeko sistema marjinalistaren zentzua zalantzan jarri dute, energia guztia enkante bakoitzean garestienak duen prezioaren arabera ordaintzen baita.
Prezioen gorakada gelditzeko erabaki gehiago hartu bitartean Irachek eskatu du "familia behartsuenei" laguntzeko, batez ere energiaren eta elikadura arloetan. Eskatu dute "pertsona guztiek oinarrizko ondasun eta zerbitzu horiek eskuratzeko aukera" izatea bermatzeko. Talde ahulenei arreta emateko, talde horietan aritzen diren erakundeei lagundu behar zaie.
Honekin batera, egungo egoera oinarri, Iracheren ustez "krisi honek abiapuntu izan behar du" Nafarroan "energia berriztagarrietan eta autosufizientzia handiagoan oinarritutako ereduranzko trantsizio energetikoa bizkortzeko". Eskatu dute Nafarroa "aitzindaria" izan dadin arlo honetan, eta horretarako sektore guztien "inplikazioa" eskatu dute, hots, erakunde publikoena, ekonomia antolakundeena eta kontsumitzaileena.
Azkenik, erregaien prezioei dagokienez, beharrezkoa ikusten du Irachek "onartutako deskontuak behar bezala aplikatzen direla kontrolatzea".