Kalera ateratzeko beharra argi du Euskalgintzaren Kontseiluak. “2022an honez gero ahaztuak genituen neurriak berpizteak ez du zentzurik, ez dago ulertzerik, ez dago onartzerik”, adierazi du Paul Bilbao idazkari nagusiak. Salatu dutenez, araudian atzera egiten ari da Nafarroa hizkuntza eskubideei dagokionean: "Nafarroako administrazioko hainbat lanpostuetan ofizialak edo berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik jartzen ari dira".
Merezimenduen Dekretu berria jarri du adibide, Kontseiluak. "Helburua ez da Auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea. Aitzitik, horrek erakusten du gobernuak intentzionalitate osoa duela euskaldun eta euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko".
Merezimenduaren dekretuaren prestaketan gobernua opakua izan dela iritzi dio euskalgintzak.
2019ean baliogabetu zituen Nafarroako Auzitegiak dekretuaren hainbat artikulu, eta geroztik ari dira hori konpontzeko berria prestatzen. Kontseiluak auzitegiaren erabakiari helegitea jar ziezaion eskatu zion gobernuari. Ez zuten egin, eta ordutik hainbat aldiz jo dute zertan den galdetzera. Baina ez dute erantzun argirik jaso.
Herritarrek eta eragileek ekarpenak egiteko eskubidea dutela sinetsita daude euskalgintzako kideak eta merezimenduez bainoago, eskubideez hitz egiteko deia egin dute. Maiatzaren 7an eginen dute manifestazioa, 17:30ean, Antoniutti parketik abiatuta.