Gerren aurkako intsumisioa aldarrikatu dute antimilitaristek eta intsumisoek

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 25a, 11:57

Intsumisoak eta antimilitaristak, Gobernu Militarraren atarian.

Intsumisioa gerra guztiei manifestua aurkeztu dute. 700 sinadura bildu dituzte. Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak identifikatu ditu, prentsa agerraldiaren ondoren. Mobilizazioak iragarri dituzte, “gerrak sortzen dituen injustizien aurka”.

Dagoeneko 700 sinaduratik gora dituen Intsumisioa gerra guztiei! Errusia zein Ukrainan kontzientzia eragozpen eta desertzioaren aldeko manifestua aurkeztu dute XX. mende bukaeran eta XXI. mende hasieran Espainiako derrigorrezko zerbitzu militarraren aurka abiaturiko kanpainia antimilitaristan parte hartu zutenek. Gerren aurka egin dute beste behin. “Estatuek gerraren basakeria propaganda patriotikoarekin apaintzen duten bitartean, armak errefusatzeko eta etorkizuna libreki erabakitzeko pertsonen eskubideak aldarrikatzen ditugu behin eta berriro. Inork ez luke behartua izan behar ez hiltzera, ezta inor hiltzera ere”, adierazi du Argiñe Salanueva, Unai Salanueva intsumisoaren arreba.

Salatu dutenez, Ukrainako gobernuak derrigorrezko erreklutamendua ezarri du 18 eta 60 urte bitarteko gizonezkoen artean, borrokatzeari uko egiten dioten milaka gazte zein heldu klandestino bihurtuz. Egoeraren aurrean, “modu pasiboan obeditzeari eta erresistentziarik ez erakusteari” uko egiten diote. “Gerren biktimekiko errukia agertze hutsari uko egiten diogu, ezin badugu gerrarekiko gure ezinegona adierazi. Soldaduaren figuran eta mitoan sorturiko maskulinitatea errefusatzen dugu, eta horrekin batera baita gure gogo eta gorputzen kolonizazio patriarkala ere. Ez dugu izaki kaltegarri eta arriskutsu bihurtu nahi, mota guztietako umiliazio eta tratu txarrak eragiteko gauza”, jaso dute manifestuan.

Espainiako Gobernu Militarraren aurrean aurkeztu dute dokumentua, eta ondoren, egoitzako atezainari entregatu diote kopia bat. Ondoren, Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak identifikatu egin ditu.

Manifestuak jasotzen dituen aldarrikapenak kalera ateratzeko, hainbat protesta eginen dituzte. Apirilaren 9an izanen da lehenengoa, 23an bizikleta martxa eginen dute Aitzoaingo kuartelera eta gaur Gerrarik ez! plataformak eginen duen elkarretaratzearekin bat egin dute. 20:00etan izanen da, Espainiako Gobernuaren Iruñeko egoitzaren aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!