Espainiako Gobernuaren erreformen aurrean, «hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek. Antolakunde horrek deitutako greba egunarekin bat eginda, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan milaka ikaslek atzo salatu zuten hezkuntza erreformek «krisi kapitalistari» erantzutea dutela helburu, eta langile klasea «zuzen-zuzenean jotzen» dutela. Beste hiriburuetan ez bezala, Iruñean ez zen istilurik izan, ezta atxiloturik ere.
«Hezkuntza sistema bera kolokan jarri eta lanean jarraitzeko indarra daukagu», azaldu zuten Ikasle Abertzaleek atzo eguerdiko manifestazioaren ondotik. Izan ere, mugimenduak salatu zuen erakunde publikoek azken urteetan aurkeztutako erreformak «partzialak eta osatugabeak» direla, eta helburu dutela hezkuntza sistema «datorren ziklo ekonomikora egokitzea». Horren adibidetzat jo zituzten LOMLOE eta LOSU legeak eta lanbide heziketarako plan berria.