Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 24a, 07:46

(Argazkiak: Ekinklik)

Dozenaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Iruñean, Saharako Herriaren aldeko Mugimendu Solidarioak deituta. Protestan, saharar herriaren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aldarrikatu zuten, eta "irtenbide justu, errealista eta politiko bakarra" herriak berak "autodeterminazio erreferendum baten bidez" aukeratzen duena dela nabarmendu.

Ekitaldian izan ziren Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Ollo kontseilaria eta Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariak.

Nafarroako Sahararen Lagunak Elkarteko ordezkari Carol Garciak agiri bat irakurri zuen elkarretaratzearen amaieran. Horren arabera, "harridura" dago "Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko komunikatuen trukearen aurrean; izan ere, badirudi Espainiako Gobernuak Marokok Mendebaldeko Sahararako proposatutako Autonomia Plana irtenbide sinesgarri bakartzat hartzen duela Espainiak amaitu gabeko deskolonizazio-prozesu baten ondoren sortu zuen gatazkarako".

"Geure buruari galdetzen diogu zer argudioren arabera jartzen den Gobernua okupatzaile marokoarraren alde, Mendebaldeko Sahararen auzian duen erantzukizun historiko, juridiko eta politikoa ezagutzen ez balu bezala; izan ere, Espainia lurralde horretako potentzia administratzailea da oraindik ere. Eta ziur gaude ez duela ezagutzen saharar herriaren eta Sahararekiko elkartasun mugimenduaren borrokarako gaitasun baketsua ", adierazi dute.

Nafarroako elkarte eta talde solidarioek gobernua osatzen duten alderdiei, gobernua babesten dutenei eta oposizioko alderdiei "nazioarteko zuzenbidea baliatzeko ahaleginak areagotzeko eta Gobernuak hartu duen erabakia irmo baztertzeko" eskatu diete, "Espainiako kanpo-politikak Mendebaldeko Sahararekiko izan duen azken 46 urteetako adostasuna hausten baitu".

Hori dela eta, "bidezko irtenbide errealista eta politiko bakarra autodeterminazio-erreferenduma eginez saharar herriak nazioarteko zuzenbidean oinarrituta aukeratzen duena da".

"Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin eta Fronte Polisarioarekin dugun konpromisoa berresten dugu", aldarrikatu dute. Espainiako Gobernuak aurrean izango gaitu, eta saharar herriaren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea defendatzean arrazoia dugula jakiteak ematen digun irmotasun guztiarekin ", gaineratu dute.

Horregatik, "saharar herriarekiko adiskidetasun-erakunde guztiei eta nazioarteko zuzenbidearen defendatzaile guztiei" saharar komunitateak proposatuko dituen mobilizazioei "adi" egoteko eskatu diete, "zentzugabekeria horren aurka" daudela adierazteko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!