'Prezioak mantendu, enplegua babestu' lelopean eginen dute protesta, horiek krisi egoeran babestea ezinbestekoa dela uste baitute. Joan den otsailean inflazioa zifra historiko berri batera iritsi zen, %7,6an kokatuz, 1986tik izan duen mailarik altuenera; eta horren eraginez, gizartearen zati handi batek hilaren amaierara iristeko arazoak dituela ziurtatu dute. Prezioen igoera "orokor" horrek "herritar ahulenei zailtasun handiak" jartzen dizkiela gaineratu du CCOOko Joseba Ezeolazak.
Kontseilu Europarraren bileraren bezperan eginen dute mobilizazioa. Helburua botere publikoei premiazko eta ezohiko neurriak eskatzea da, prezioen gorakada neurrigabea eta apartekoa dela-eta. Horregatik, argindarraren, gasaren eta erregaien prezioetan esku hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Nafarroako Gobernuari politika sozialen alde egiteko eskatuko diote, eta enpresariei soldatak mantentzeko.