Beste bi lanuzte eginen dituzte zahar etxeetan

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 18a, 12:27

ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk grebara deitu dute martxoaren 24an eta 31n, Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenaren azken bilerek ez dutelako lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko balio izan.

Sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) beste bi greba deialdi iragarri dituzte martxoaren 24 eta 31rako adinekoen arretaren sektorean.

Sektore horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, Nafarroako 70 zentro ingurutan banatuta. "Mendekotasuna sektore estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko duten erantzukizuna, eta mendekotasunaren sektorea babestea, adinekoen eta mendeko pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean", adierazi dute.

Negoziazio mahaiko lau sindikatuek argi dute lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituztela zerbitzu duinak eta kalitatezkoak, eta horregatik hasi ziren 2021eko maiatzean Nafarroako hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

Hirugarren adinekoei arreta emateko Nafarroako lehen hitzarmenaren inguruan izandako azken bilerak negoziazioa blokeatuta dagoela berretsi zien: "patronala, negoziaketan jarrera aktibo bat izatetik urrun, ikusle soil gisa mantentzen da, eta Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen diru publikoarekin oinarritutako sektore batean duen erantzukizuna".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!