Prekarietatearen erradiografia egin du ELA sindikatuak. Behin behinekotasuna, soldata txikiak eta lan-osasuna kontuan izanik Nafarroan zenbat langile prekario dauden aztertu dute: 134.300 langilek dituzte baldintza ez-egonkorrak. Langilerik zaurgarrienak dira, gainera, eskualdeko arduradun Saioa Urrizak azaldu duenez. Egoerak bi erantzule dituela uste du ELAk: patronalak eta Nafarroako Gobernua.
Lantoki guztietan prekarietatearen aurkako plan bat landuko du sindikatuak, sei neurri lortzeko: gutxieneko 1.381 euroko soldata, asteko hogei orduko gutxieneko kontratuak, subrogazio eskubidea bermatzea, behin-behinekoen kaleratzeen indargabetzea, administrazioko behin-behinekoen kontsolidazioa eta ikuskari kopurua bikoiztea.
Soldatak krisiaren konponbidea izan daitezke, sindikatuaren iritziz. Eta horretarako langileen antolakuntza ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Hurrengo hilabeteetan grebak bultzatuko ditu ELAk, erresistentzia kutxa horretara bideratuz.