Nafarroak, urtero, ekarpen ekonomikoa egiten dio Espainiari transferituta ez dituen zerbitzuengatik eta Espainia mailakoak diren haiengatik: defentsa, kanpo gaiak eta instituzio zentralak (koroa, Gorte Nagusiak…). Bereganatu gabeko eskuduntzak dira, eta hainbat aldagai hartzen dira kontuan horiengatik Espainiari ematen zaion zenbatekoa zehazteko. Horien artean dago inputazio indizea.
Egungo hitzarmen ekonomikoak, inputazio indizea %1,6koa dela dio. Errentaren arabera markatu zen ehuneko hori, eta ez biztanle kopuruaren arabera. Orain arte, ez da inoiz aldatu negoziazioetan.
Nafarroako Gobernuak Espainiarekin sinatutako azken akordioak, ordea, zenbatekoa zehazten duen xedapena ezabatu du legearen erreformatik, eta hori ezartzeko eskumena bi gobernuen arteko koordinazio batzordearen esku utzi du. Horrela onartuko dute legearen moldaketa, akordioa egin baitu gobernuak Navarra Sumarekin. Gaur onartu du Nafarroako Gobernuak legea, ezohiko bilkuran, eta "urgentziaz" parlamentura bideratu du, tramitazioa abiatu dadin.
Hiru hilabetez luzatu da Hitzarmen Ekonomikoaren eztabaida. Legearen erreforma onartzeko lehenengo saiaketa abenduan egin zuen gobernuak, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu ondoren. Abenduaren 23ko osoko bilkuran eztabaidatu behar zuten legea, baina babes nahikorik ez zuela eta atzera egin zuen exekutiboak.
Inputazio indizearen inguruan egindako aldaketak kritikatu zituzten Geroa Baik eta EH Bilduk. Geroztik, negoziazio saio zenbait egin ditu ekonomia eta ogasun kontseilari Elma Saizek bi taldeekin, eta hitzarmena sinatu ondotik gaia lantzeko adituen batzorde bat eratzeko proposamena egin die. Eskatutakoari atxikitzen ez zitzaiola kritikatu dute Geroa Baik eta EH Bilduk, eta atzo azken bilera egin ondotik berretsi dute abstentziora joko dutela. Inputazio indizearen ezartzea nafar parlamentuaren eskumena izan dadila nahi dute.
Azken hiru hilabeteetan, Navarra Sumaren jarrera izan da zalantzazkoena. Bilerak izan dituzte, baina eskuineko hirukoak ez du haren boto erabakiaren inguruko adierazpenik zehatzik egin. Ostiralean argitu zuen afera Navarra Sumako eta UPNko buru Javier Esparzak, Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok herri plataforma aurkeztu zuten egun berean.
Zerga berriak
Historiako seigarren aldaketak bestelako berrikuntzak gehituko ditu. Nafarroako Ogasunak hiru zerga-figura berri bilduko ditu: finantza-transakzioen gaineko zerga, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga eta merkataritza elektronikoaren gaineko BEZa. Hitzarmen berria Nafarroako Parlamentuak zein Madrilgo Diputatuen Kongresuak babestean, jarduera ekonomiko horien gaineko zerga bilketaz arduratuko da Nafarroa.