EH Bilduko parlamentariak Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin bildu ziren atzo arratsaldean, Hitzarmen Ekonomikoaren lege moldaketa aztertzeko. Inputazio-indizea ezartzea Nafarroako Parlamentuaren eskumena izan dadin eskatu du alderdi independentistak; baina, salatu dutenez, gobernuak ez du aldaketarako jarrerarik erakutsi.
Negoziatzen jarraitzeko borondaterik erakutsi al zuen gobernuak?
Bilera laburra izan zen. Ogasuneko kontseilaria ez zen atera bere horretatik, ez dute legearen testua ezertan aldatu nahi izan. Aurreko bileran egin ziguten “kontra-proposamen” horrek ez dio erantzuten guk egin genuen planteamenduari. Aldaketa xinple bat ez egitea besterik ez da, inputazioa indize horri dagokiona. Gainontzekoarekin ados gaude. Baina gobernuak edo alderdi sozialistak dute aldaketa hori egin nahi izan; eta beraz, jakinarazi ziguten ia publikoki esandakoa, alegia, onartuko zutela. Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin biltzea falta zitzaien, baina edozein kasutan, honezkero boto nahikoa zeukatela esan ziguten.
Inputazio indizea zehazteko eskumena orain Koordinazio Batzordeak edukiko du. Eskumena parlamentutik kanpo uzteko bidea irekitzen du horrek.
Beraiek diote ez dela ezer ere aldatzen, eta guk pentsatzen dugu baietz. Hain temati jarri baldin badira afera honekin, bada zerbait aldatu egiten delako. Nafarroak urtero aurrekontuetan Estatuari egiten dion ekarpena zehazten du indizeak. Egun %1,6an dago finkatuta. Orain seguru aski ez legoke hori aldatzeko bultzadarik. Edozein kasutan, hori orain arte lege bidez finkatu eta onartzen zen parlamentuan eta horregatik diogu orain arte parlamentuaren eskumena zela. Orain batzorde tekniko horren esku uzten dute, alegia, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak izendatzen dituzten tekniko batzuen esku. Afera hau ez da soilik teknikoa, politikoa ere bada; eta politikoa den neurrian Nafarroako Parlamentuak izan beharko luke azken hitza. Hitzarmenak instituzio bakoitzaren eskumenak ongi zehaztu eta definitu beharko lituzke.
Legearen moldaketaren eztabaidan zer bozkatuko duzue?
Gu abstenitu egingo gara, lehenengo bozketan egin genuen bezala. Aitortzen dugu urrats batzuk egiten direla, zerga jakin batzuk Nafarroaren esku geldituko dira, Tobin edo Google tasak esate baterako. Horregatik ez diogu ezezkorik emango. Baina indizearen afera honetan alderdi sozialista burugogorkeriaz aritu da. Gobernuko kide duen Geroa Bai eta gurekin ez ezik, beste espektro politikoarekin, alegia, Navarro Sumarekin adostasuna lortzeko gai dela erakutsi nahi izan duela dirudi.