Bilaketa-dispositibo bat jarri du martxan Larran, asteartetik galduta dagoen 40 urteko mendizale bat aurkitzeko xedearekin. Asteartean Linzako (Aragoi) aterpetik abiatu zen Hiru Erregeen Mahaira igotzeko asmoz, baina ez zen itzuli.
Nafarroako Gobernuko iturriek albiste agentziei jakinarazi dietenez, bilaketa asteartean bertan hasi zuten Aragoin, eta emaitzarik lortu ez dutenez, SOS Nafarroari laguntza eskatu zioten asteazkenean.
Guardia Zibilak eta haren GREIM unitateak (Mendian Esku Hartzeko Erreskate Bereziko Taldeak) koordinatutako dispositiboan, Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeak eta helikopteroak parte hartzen dute, baita Nabaskozeko parkeko kideek ere. Bilaketa Larran egiten ari dira, baina oraingoz ez dute emaitzarik lortu.