Udaberriarekin batera hasiko da 'Bira Nafarroan barna' jaialdia

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 15a, 13:20

Hazkuntza unean dauden erkidegoko taldeak sustatzea du helburu.

Martxoaren 24an ekingo dio Bira Nafarroan Barna jaialdiak bere bigarren edizioari. Erkidegoko musika talde berriek aukera izanen dute Nafarroaren luze eta zabalean jotzeko. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak, NICDO enpresa publikoaren eskutik, zikloaren bigarren edizioa antolatu eta garatu du. Programa honek, iaz jaio zenetik, Foru Erkidegoan zehar sortzen eta hazten ari diren talde eta artistei zuzenean jotzeko aukera ematen die.

Guztira 16 talde eta artista arituko dira Nafarroako 26 herritan. Aurten, berritasun gisa, bi etapatan garatuko da, nagusiki udaberrian (martxoaren 24tik maiatzaren 28ra) eta udazkenean (irailaren 17tik azaroaren 12ra). Hitzordu bakoitzerako sarrerek 5 euroko kostua izango dute eta dagokion udalak prestatutako kanalen bidez erosteko aukera izanen da. 

Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak adierazi duenez, ·programa honen bidez artista eta talde azaleratu berrien eskaintza eta sustapena· egin nahi du Gobernuak, "zuzenean jotzeko eta nabarmentzen hasi den karrerarekin jarraitzeko ateak ireki behar zaizkielako". Gainera, Esnaolak azpimarratu du "zortea dugula Nafarroan, jendeari oso eskaintza zabala helaraz diezaiokegulako, talde horien estiloak askotarikoak baitira".

Programa osatzeko, lehenengo edizioan bezala, aldez aurretik 25 banda eta artista hautatu zituzten, www.navarralivemusic.com webgunean izena emanda eta "azaleratzen ari direnen" etiketarekin aukeratu dituzte. Horrela, estilo ugariri lekua egin zaio, punk rocketik hasi eta folk, pop edo flamenkoa eskainiz.

Aukeraketa programako emanaldietako bat izan nahi duten tokian tokiko erakundeei helarazi zitzaien, eta haiek aukeratu dute, espazio publikoetan arituko den taldea edo artista. Talde bakoitzak gehienez bi emanaldi eskainiko ditu, bertan ahalik eta banda gehienei lekua egiteko.

Guztiek katxe bera izango dute. Aurten, gainera, are gehiago egin du Gobernuak taldeen hazkuntzaren alde, lan berriak aurkezten ari diren artisten alde zein dagoeneko nabarmentzen ari diren taldeei arreta berezia eskainiz.

Kontzertuen eskaintza bi etapa bereizitan egin da, Bira Nafarrona Barna-k "nortasun propioa eta bereizia izanik, udalerrietako kultur programazioen barruan haien ekarpena sendotu dadin", azaldu dute aurkezpen ekitaldian.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak, NICDO enpresa publikoaren bitartez, bere gain hartzen ditu artisten katxeak eta kontzertuen ekoizpen-gastuak. Sarreren zenbatekoa (5 euro kontzertu bakoitzeko) udal bakoitzari bideratuko zaio osorik, emanaldiek eragindako gastuak ordaintzeko.

Udaberriko eskaintzan honako taldeak ariko dira:

Katanga Dub (martxoaren 24an Vianan); Jolis Muñoz (mpirilaren 1ean Zintronikon); Jo & Swissnknife (apirilaren 9an, Urantzian; maiatzaren 6an Uharten), Xtasy (apirilaren 30ean, Fustiñanan), Lilo (maiatzaren 13an, Irurtzunen; maiatzaren 21ean, Valtierran); Gussy (maiatzaren 28an Zangozan).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!