Iruña Rock jaialdia asteburu honetan izanen da

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 14a, 12:46

Ostiral eta larunbata arratsaldean eginen dute jaialdia, Navarra Arenan.

Asteburu honetan izanen da Iruña Rock jaialdia. Nafarroako hiriburuko udaberriko rock festibalaren aurreko edizioak bertan behera gelditu ostean, martxoaren 18 eta 19an eginen dute Navarra Arenan. 

Ohi bezala balio anitzeko pabilioiaren pista nagusian egin dute, eta harmailetatik musikaz gozatzeko aukera ere izanen dute bertaratuko direnek. Honekin batera, pistaren albo batean, aisialdi eta atseden gunea izanen da eta bertan janaria eskainiko dute.

Hamazazpi talde ariko dira ostirala eta larunbata arratsaldetik goizalderarte jotzen. Honako hau da Iruña Rock jaialdian ariko diren taldeen zerrenda: Kase.O Jazz Magnetism, Los Chikos del Maíz, Su Ta Gar, Zoo, Lendakaris Muertos, Segismundo Toxicómano, Tropa do Carallo, Desakato, Los de Marras, Buhos, Mafalda, Aphonnic, Ira, The Guilty Brigade, Virenque, Mosh eta Dinamita. 

Ostiralean, hilak 18an, 16.00etan irekiko dituzte Navarra Arenako ateak eta kontzertuak ordubete geroago, 17.00etan hasiko da jaialdia Mosh taldearen emankizunarekin. Lehenengo jardunaldian, kartela itxiko du The Guilty Brigade talde nafarrak, goizaldeko ordubiak pasata. 

Larunbatean aldiz bazkalorduan irekiko dituzte ateak, 13.30ean eta 14.00etan hasiko da musika Virenque taldearen eskutik. Azken taldea aldiz, Dinamita izango da, goizaldeko 3.40ean hasita. 

Pistarako sarrerak oraindik salgai daude, 37 eurotan ostiral zein larunbaterako eta 65 eurotan bi egunetarako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!