Datorren ikasturtetik aurrera, Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijio-irakaskuntzak LOMLOE lege organiko berrian ezarritako gutxieneko ordutegian emango dira. Ikasturte honetan 145 erlijio-irakasle daude, eta ordutegien murrizketarekin, 29 langile gutxiago beharko dira. Artzapezpikutzak kontratatzen ditu langile horiek, eta Navarra Sumak legez langile publiko egin nahi ditu. Lege proposamen bat aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan. Aurka azaldu da Nafarroako Gobernua, "bertan jasotako neurriek sistemaren beharrak baino gehiago kontratatzea ekarriko luketelako, eta, ondorioz, gastua handitzea”.
Gobernuak akordioa erdietsi du lege proposamenaren kontra, baina gobernu barruan denak ez dira iritzi berekoak. Geroa Baik langile horien etorkizuna egonkortzearen alde, hau da, Navarra Sumaren lege proposamenaren alde eginen duela adierazi izan du. Gaur bestelako jarrera agertu du Uxue Barkosek: “Gobernuak helarazi digun txostena sakona da, eta aztertu nahi dugu”.
Ahal Duguk bere egin du gobernuaren jarrera. “Ez ditugu langileak ahazten, pertsona horiei irteera duina eman behar diegu, baina bidea ez da Navarra Sumak dioena”, adierazi du Mikel Builek.