Prezioen igoera arintzeko neurriak eskatu dituzte parlamentariek

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 14a, 12:04

Egoera ekonomikoaren berri emateko bilera eginen dute Nafarroako Gobernuak eta parlamentuko taldeek, ostiralean.

Espainiako Gobernuak iragarritako erregaien eta energiaren zergaren beherakada txalotu dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Espainiako Presidenteen Konferentzian agertutako adostasuna azpimarratu dute PSNk eta Geroa Baik. “Energia berriztagarrien aukera indartu behar dugu, garrantzi berezi bat hartzen du gai horrek orain”, zehaztu du Uxue Barkos. Zentzu horretan, aldaketa klimatiko “sendoa bat” egitea ezinbestekoa dela dio. Ostegunean eztabaidatuko dute legea osoko bilkuran.

Fiskalitate berdearen inguruko negoziazioetan ari dira oraindik, Ahal Duguk azaldu duenez. Hiru hilabetera adituen batzorde bat osatzea aztertzen ari dira, besteak beste. “Mahai gainean daude gai horiek, eztabaidatik hiru egunera taldeei eskatzen diet alde egin dezaten”, zehaztu du Mikel Builek. Etsipena du Ezkerrak legearen inguruan. “Fiskalitate berdeari dagokionez, legea ahula izanen da”, adierazi du Marisa De Simon eledunak.

Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetako presidenteen erabakiak “erabiltzaileen fakturan oso eragin baxua” izanen duela uste du Ahal Duguko Builek. Alderdi morearen iritziz, zerutik jausitako irabaziak mugatu eta prezioetan gasak duen pisua murriztu behar dira. Apalegia dela uste du Marisa De Simonek ere. Sozietateen gaineko zergak ere ukitu behar direla adierazi du: “Denek sufrituko dugu prezioen igoera, ez badiogu irtenbiderik jartzen”.

Kritikoa izan da, halaber, EH Bildu. “Partxeak” jartzeko unea ez dela adierazi du EH Bilduko Bakartxo Ruizek, eta energiaren prezioa bezalako “neurri estrukturalak” ezartzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Egoeraren aurrean, sakrifizioak nork egin behar dituen galdegin du Ruizek: “Irabaziak dituzten oligarkek edo prezioen igoera sufritzen ari diren familia eta enpresa txikiak?”.

Erabakiak ez-nahikoak direla uste du Navarra Sumak ere. “Nabarituko diren” neurriak galdegin ditu Javier Esparzak: “Errenta baxu eta ertainei zergak jaistea ezinbestekoa da”. Erregaien gaineko zergak jaitsi nahiko lituzke eskuineko hirukoak. "Irtenbide eraginkorrak behar ditugu", esan du Esparzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!