Osasuna

Ahazteko modukoa

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko mar. 14a, 07:46

Javi Martinez, atzo, Nou Campen. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak lau eta huts galdu zuen atzo gauean Nou Campen jokaturiko norgehiagokan. Aurkaria askoz gehiago izan zen hasieratik eta amaierara arte. Zorionez, gorritxoek halere salbazio matematikotik hurbil segitzen dute, 11. Postuan, 35 punturekin, jaitsieratik 11ra.

Barcelonaren entrenatzaile Xavi Hernandezek partidaren bezperan esan zuen, Osasunak bezala ongi defendatzen duten aurkarien aitzinean, bere taldearentzat oso garrantzitsua dela lehen gola ahalik eta lasterren sartzea. Atzo, norgehiagokaren lehen ordu erdia bete aurretik, jada hiru zeramatzan.

Lehen biak Ferran Torresek sartu zituen. Orain arte Torres ongi jokatzen ari zen, baina gol aukera asko huts egitea egozten zioten. Esan gabe doa Osasuna iaioa dela bolada txarrean dauden aurrelariak berpizten.

Lehen golean, Nacho Vidalek penaltia egin zuen, eta Ferranek jaurti zuen. Bigarrenean, Dembeleren pase bikaina aprobetxatuz, Ferranek Sergio Herreraren hanken artetik sareratu zuen baloia. Hirugarrenean, Aubameyangena, Dembeleren beste pase zehatz batetik sortu zen.

Lehen ordu erdi horretan, etxetik at aurkari zaila izan ohi den Osasunaren arrastorik ez. Barçak oso goian berreskuratzen zuen baloia eta jarraian abiaduraz eta zehaztasunez mugitzen, gorritxoen desesperaziorako.

Atsedenaldian, Jagoba Arrasatek aldaketa hirukoitza egin zuen, bost gizoneko defentsa osatzeko. Alferrik, partida apenas aldatu baitzen. Azeleragailua gehiegi zapaldu gabe, talde kataluniarrak hainbat gol aukera sortu zituen. Eta azkenean Ricki Puigek laugarrena egin zuen.

Ahazteko moduko norgehiagoka. Gogoan zerbait gordetzekotan, Iker Benitok lehen taldearekin titular moduan jokaturiko lehendabizikoa izan zela.

Partiduaren ondotik, Jagoba Arrasatek aitortu zuen lehen ordu erdian Barça gainetik pasa zitzaiela. “Arazoak eduki ditugu defentsiboki. Ez dugu haien irteera ondo itxi, eta hortik aurrera sakontasuna bilatu dute. Erdiraketetan gainera ez gara batere irmoak izan. Aurretik jarri direnean horrek konfiantza eman die haiei, eta gu ez gara ondo egon. Baloiarekin ere ez dut uste gauzak ondo egin ditugunik. Gauza biak uztartzen direnean, pasatzen da pasatu dena, lau eta huts galtzen duzula”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!