Baskoiak omentzeko monumentua jarri nahi dute Luzaiden

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 10a, 13:29

Diru bilketa abiatu du Orreagako batailaren monumentuaren aldeko ekimenak proiektua finantzatzeko. Patxi Aldunate artistak egin du proposamen artistikoa.

Altzairuzko hiru pieza zizelkatuz osatutako eskultura multzoa ezarriko dute Luzaiden, Orreagako bataila gogoratzeko. Hiru pertsona talde dira, herriko, Pirinioetako bailarako eta batailan parte hartu zuten herritarren ordezkariak. Orreagako batailaren kontaketak galtzailea izan du beti ardatz, eta hori aldatzeko sortu du egitasmoa Orreagako batailaren monumentuaren aldeko ekimenak. Patxi Aldunatek egin du obra. 

Egun Roldanen aldeko monumentua dago Ibañetako gainean, Orreagako batailan garaitua izan dena da orain arte omendu dena. Herrien memoria erreferente historikoen inguruan eraikitzen dira ekimenaren iritziz, eta hala "euskal garaipena gogoraraziko duen monumentua ezartzea zor historikoa" dela diote.

Ibañetako gainean ezarri nahiko lukete obra hori. Momentuz, baina, Luzaiden aurkitu dute baskoiak omentzeko lekua. Besoak zabalik jaso du herriak proposamena. Luzaideko udalak egokituko du eskultura ezartzeko lekua. Gainerakoa, ekimenak ordaindu beharko du. Kalkulatu dutenez 40 mila euro inguru beharko dituzte. Orreagamonumentua.eus atarian dirua biltzeko kanpaina jarri dute martxan, ekarpena egiten dutenen artean Orreagako batailari lotutako sorkuntza lanak zozkatuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!