Entzutekoak

Gizalaba: Ama

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 8a, 16:41

Gaur ez dut Clara hartuko hizpide, beste emakume aparta bat baizik: gure ama.

Gaur egun berezia dugu, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugulako. Eta gure Gizalaba Saioa gaur bertan ere. Hau ohorea!

Hori dela eta, aste honetan bueltaka ibili naiz gizalaba berezi bat ekarri nahian. Burura etorri zitzaidan lehendabizikoa Clara Zetkin zen, nola ez, bada. Baina aurreko saio batean hari buruz hitz egin genuela konturatu nintzen. Beraz, ez zuen balio.

Hala eta guztiz ere, gogoraraziko diegu entzuleei gaurko eguna Clarari esker ospatzen dugula, 1910ean Kopenhagen egin zuten Emakume Sozialisten II. Nazioarteko Topaketan Alemaniako 
Alderdi Sozialistaren izenean "Emakumearen Nazioarteko Eguna" edo "Emakume Langilearen Eguna" ospatzeko proposamena berak aurkeztu baitzuen. Garai hartan Estatu Batuetan  ehungintzako langile emakume batzuek greba bat egin zuten, eta izugarrizko iskanbilak sortu ziren. Hori zela eta, munduan zehar elkartasun ekitaldi asko antolatu ziren. Horregatik, Clarak egindako proposamena onartu zuten, eta, geroztik, martxoaren 8a ospatzen dugu.

Baina lehen esan dudan bezala, hori guztia esana dago aurreko podcast batean; beraz, gaur ez dut Clara hartuko hizpide, beste emakume aparta bat baizik: gure ama. Baina ez bakarrik paregabea izateagatik, ez. Erreferentetzat hartuko dut; azken finean, hark belaunaldi bat ispilatzen du, guri
bidea zabaldu diguna. 1946an jaio zen. Bi anaia zeuzkan, eta ama gazteena zen. Txikitatik emakume fina izateko heziketa jaso zuen, haren garaiko ia neska guztiek bezala. Ezin zuen korrika egin mutilek egiten zuten erara, ezta zakar mugitu ere. Hitz gordinik ezin zuen bota, ezta builarik
atera ere. Jende aurrean isilik egoten bazen, hobe. Eta josten, lisatzen eta etxeko lanak egiten ikasi behar izan zuen, haren anaiek lanbide bat ikasten zuten bitartean.

Eskolara joan zen mojetara, baina goi mailako ikasketak egiteko garaia heldu zitzaionean, eta etxetik kanpo joateko aukera sortu zenean, attonak eta attak erabaki zuten hobe zela etxean geratzea etxeko guztiak zaintzeko. Eta horrela egin behar izan zuen.

Dena den, zorte ona izan zuen, eta administraritza ikasi ahal izan zuen. Horri esker, 18 urte zituela bulego batean hasi zen lan egiten, oraindik ordenagailurik ez zegoen garaian. Mezetara joan behar izaten zuen igandero, jakina. Eta gaizki moldatzen zen apaizarekin. Behin batean, komulgatzera joan zenean, apaizak lotsagabe hutsa zela esan zion, jende guztiaren aurrean, gona oso motza eramateagatik. Eta beste aldi batean ez zion komulgatzen utzi, galtzak jantzita eramateagatik. Amari bost axola zitzaion apaizak esandakoa, baina, etxera bueltatzean, nahiz eta adin nagusikoa izan, attak eta amak izugarrizko errieta eman zioten, eta anaiek denetarik esaten zioten, herri osoa arreba “freska” bat zeukatela jakinaren gainean zegoela mespretxuz esanez.

Baina berak ez zuen jokabidea aldatu. Gustuko zeukan kontra egitea, nolabait. Horregatik, gurasoek gustuko ez zuten mutil bat aukeratu zuen ezkontzeko eta soineko urdin bat ezkontzara joateko. Beste eskandalu bat, noski.Eta hori gutxi izango balitz bezala, lanean jarraitu zuen. Egun batean anaiaren emazteak hartu zuen, eta ondo pentsatzeko aholkatu zion. Emakume ezkondu batek etxetik kanpo lan egitea oso gaizki ikusita zegoela esan zion, eta anaia lotsa handia pasatzen ari zela. Horrez gain, kontuan hartu behar zuela etxean lan bikaina zeukala jada: ama, atta eta senarra zaindu behar zituela, etxea ondo apainduta eduki behar zuela, eta handik oso gutxira haurdun geratuko zela, gauzak ondo eginez gero.

Amak, hori den-dena entzun ostean, neska bat hartu zuen etxeko lanak egiteko, attari arrautza frijituak nola egiten ziren irakatsi zion, eta kitto. Amonaren bekozko iluna ikusi behar izan zuen, 
baina egunero bazkaria eta afaria prestatzen zuenez, hark ezin zion deus esan. Inoiz ez zitzaion damutu erabaki hura hartu izana, eta askoz gutxiago handik urte batzuetara banandu zenean 1989an.

Dibortzioa debekatua egon zen 1981era arte, eta 8 urte geroago oraindik ez zegoen ondo ikusita. Baina, halere, jasan nahi ez zuena ez zuela jasango erabaki zuen, eta bizitza aldatu zuen inguruko ia guztiak haren kontra egon arren. Eta horrela jarraitu zuen haren bizitza osoan zehar, bere ustean
egin behar zuena egiten, eta bere buruarekin beti konforme. Hori irakatsi zidan amak. Aske bizitzen saiatu behar nuela, eta mugarik ez nuela jarri behar; azken finean, bizitzak berak mugak jartzen dizkigulako eta loturak bakarrik etortzen direlako. Neure burua maite behar nuela beti esaten zidan, eta jaiotzatik ez zegoela deus erabakia behin eta berriro errepikatzen zuen.

Norberak zer nahi duen erabaki behar zuelakoan zegoen. Eta huraxe zen ama. Baina esan dudan bezala, gaurkoa ez da hari zuzendutako omenalditxo bat, haren belaunaldiko emakumeei baizik. Haiek aurreiritzi asko hautsi zituztelako, eta gure bidea zabaldu zutelako. Akaso nahi zuten guztia ezin izan zuten egin. Garaiko gizarteak baimenik ez zien eman. Baina atzetik gentozenentzat ate bat zabalik utzi zuten. Ez genuela konformatu behar irakatsi ziguten. Mundua ordura arte izan zena ez 
bezalakoa izaten ahal zela ikusi zuten, eta deskubritzeko desioa piztu ziguten. Emakumeak izateagatik mugarik ez genuela izan behar lau haizetara esan zuten, eta mugitzera bultzatu gintuzten.

Horregatik, haiei esker gaude orain gu hemen, eta hori eskertzekoa da. Ezin dugu ahantzi. Etorkizuneko belaunaldiek guk baino errazagoa izatea espero dugu, baina, dudarik gabe, gure 
bidea askoz leunagoa izan da gure aurreko belaunaldiaren amek egindako lanari esker. Horregatik, gaur, martxoaren 8an, “eskerrik asko, ama” esan behar dugu emakumeok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!