Emakumeen eskubideen aldeko politika publikoen beharra azpimarratu dute testuan, eta zaintza lanen ikuspuntu aldaketa. “Doakoa, ikusezina, prekarioa eta feminizatua da zaintza”, adierazi du EH Bilduko Adolfo Araizek. Aurrera pausu batzuk eman diren arren, zainketen banaketa desorekatua dela uste du taldeak eta hori aldatzeko beharra azpimarratu dute.
Berdintasunaren aldeko borrokan eta emakumeen eskubideen defentsan mugimendu feministak egindako ekarpena azpimarratzen du, bestalde, adierazpen instituzionalak. Feministek instituzioen aldetik jasandako erasoak gaitzetsi ditu, baina, Mikel Buil Ahal Duko parlamentariak. Iazko Martxoaren 8an Nafarroako Parlamentuaren aurrean atxilotutako emakumearekiko elkartasuna adierazi du. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat.
Sistema hetero patriarkal eta kapitalistan jarri du arreta Ezkerrak. “Bi urte hauetan sistemaren prekarietatea agerian geratu da, egiturazkoa da eta emakumeek bizi duten bereizkeria nabarmendu da. Sistema aldatu behar da, desberdintasunak sortzen eta betikotzen dituen sistema delako”, adierazi du Marisa de Simonek.