Hamabost eguneko epean primarioak deitzera behartu dute auzitegiek EAko zuzendaritza

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 4a, 13:02

Maiorga Ramirez, Nafarroako Parlamentuan.

Gasteizko epaitegiak arrazoia eman dio EAko sektore kritikoari. “Maiorga Ramirezen hautagaitza baliogabetu zen primarioen prozedura errepikatzea” ebatzi du. Errekurtsoa jar dakioke, baina horrek ez luke etengo erabakia. Zuzendaritzak agindua betetzen ez badu, Ramirezek kalte-galeren ordaina erreklamatzeko aukera izanen du.

Auzitegiek EAko sektore kritikoari eman dio arrazoia, beste behin. Gasteizko lehen Auzialdiko 7 zenbakiko epaitegiak primarioen beste prozesu bat deitzera behartu du Eusko Alkartasuna, gehienez 15 eguneko epean. EAk primarioen erregelamendu berri bat egin behar duela ebatzi du, aurreko prozesuko akatsak zuzentzeko, Maiorga Ramirezen eskubideak urratu direlako. 2019ean irekitako auziari, “ibilbide beltzari”, amaiera eman diezaioken urratsa izan daiteke Ramirezen iritziz, “alderdiak demokrazia berreskuratu dezan”. 

Alderdiaren kongresuak Eba Blanco, sektore ofizialeko burua, alderdiko idazkari nagusi izendatu eta bi astera iritsi da ebazpena, kritikoen kanporatzea gauzatu ondoren. Idazkari nagusiak izendatzeko primarioak ezabatu ditu prozeduratik zuzendaritzak, kongresu horretan. Azken ebazpenak kongresuari “zilegitasuna” kentzen diola uste du Ramirezek. 

Zuzendaritzak, aldiz, dio "erabat indarrean" daudela duela bi asteko kongresuan hartutako erabakiak. Zuzendaritzak epaiaren aurka errekurtsoa jar dezake, baina honek ez luke etete-ondoriorik izanen. Gainera, errekerimenduan ohartarazten zaio ezen, agindutakoa adierazitako epean betetzen ez badu, betearazleak eskatu ahal izango duela kalte-galeren ordaina erreklamatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!