Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Orkoiengo talde bortxaketan parte hartu zuten hiru gizonezkoei ezarritako zigorra berretsi du

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 3a, 12:48

Fiskalak 52-54 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak berretsi du Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioaren epaia. 2021eko uztailean, 17 eta 16 urteko espetxe-zigorra ezarri zien bost akusatuetako hiruri, 2019ko azaroan Orkoienen "adimen-atzerapen moderatua" zuen eta % 67ko ezgaitasun psikikoa zuen emakume bati egindako talde-bortxaketagatik.

Auzitegi Nagusiak, beraz, berretsi egin du beste bi auzipetuen absoluzioa. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuek onartu dute "ingurumen-larderia" egon zela sexu-erasoko bi delituetan. 

Auzitegi Gorenean errekurritu daitekeen epaian, epaileek uste dute hiru kondenatuetako batek (T. E. D.) biktimaren baimenarekin izandako sexu-harremanaren ondoren, beste bi zigortuek (M.B. eta I.B.),  bortxaketa bana egin zutela.

Hori dela eta, Auzitegiak 9 urteko espetxe-zigor bana ezarri zien M. B. eta I. B. gizonezkoei, bakoitzak sexu-eraso delitua egin zuelako, eta beste 8na urtekoa, besteak egindako sexu-eraso delituaren beharrezko laguntzaile gisa. Zigortutako T. E. D-en kasua parte-hartzeari dagokionez, epaia eman zuen epaimahaiko epaileek bere sexu-harremana baimendua izan zela uste zuten arren, 16 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten — 8 urteko bi kondena —, bere lagunek eginiko sexu-erasoko bi delituen ezinbesteko laguntzaile gisa.

Hiru auzipetuek 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari; lehenengo biek ezingo dute harengana hurbildu, ezta harekin komunikatu ere 15 urtez, eta hirugarrenak 13 urtez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!