Traktoreak hirira itzuli dira. Goizeko hamarretan elkartu dira Nafarroako landa eremuko nekazari eta abeltzainak, Sadar futbol zelaiaren inguruan. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 200 traktore baino etorri dira Nafarroako hainbat herritatik hiriburura. Traktoreak eta aldarrikapenak ekarri dituzte. Egungo ekoizpen prezio altuek eta produktuen salneurri baxuek ezinezkoa egiten dute ustiategien biziraupena, eta prezio duinak behar dituzte. Elikadura katearen legearen betetzea ere galdegin dute, eta ohartarazpen bat egin: landa eremua desagertze arriskuan dago.
Eskariak entzun daitezen, hirira ekarri dute landa eremuaren aldeko protesta UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza elkarteek. Greba eta manifestaziora deitu dute. "Gizartearentzako elikagaien hornitzaile gisa ezinbesteko lanbidea" egiten dutela aldarrikatuko dute, koronabirusaren pandemian berriro egiaztatu zen gisan.
Animalirik, ez
Trakoreak ekartzeko baimena dute antolatzaileek. Aldiz, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, Udaltzaingoak egindako txosten batean oinarrituta, protestan behiak, behorrak eta ardiak parte hartzea eragotzi du, antolatzaileek aurreikusi bezala.
Baimena ukatzeko justifikazioa "animalien aurkako tratu txarrak saihestean oinarritu da, horrelako ekitaldi batean estresatu egiten direlako". Arrazoibide hori ez dator bat sindikatuen iritziarekin, uste baitute "nekazariak eta abeltzainak direla beren ardi, behi edo behorren ongizateaz arduratzen diren lehenak".
Villavesetan aldaketak
Iruñeko kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioa dela eta, Iruñerriko hiri-garraioko lineek ibilbidean aldaketak izango dituzte, eta ohiko ordutegi-maiztasunetan izango dute eragina. Eragin horiek 09:30etik 14:00etara gertatuko dira, gutxi gorabehera. Linea guztietan , L7, L14, L15 eta L21 linetan izan ezik. Auto ilara luzeak aurreikusten ditu Iruñerriko Mankomunitateak.