ELAk salatu du langabeziak "emakumeen kontura" egin duela gora

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 2a, 19:00

%2,67 egin du gora langabeziak eta igoerak "pandemia aurreko datuetatik gertu" utzi du lanik ez dutenen kopurua, adierazi du euskal sindikatuak. 

Gaur ezagutu dira otsaileko langabeziaren datuak eta hazkundea %2,67koa izan da. ELA sindikatuak salatu du datu horrek esan nahi duela "2013tik izan den bigarren otsailik okerrena izan dela". 

ELAk ohar bidez azpimarratu du aurreko hilabetean izandako 876 langabe berrien artean, 640 emakumeak izan direla. Gaineratu dute "gazteek, emakumeek bezala, emaitza negatiboa izan" dutela, %8,8 hazi baita enplegurik gabeko herritarren kopurua 25 urtez azpikoen artean. Osotara 266 gaztek galdu dute lana aurreko hilabetean. 

Kontratuen iraupenari dagokionez estatistikek errealitatea "apaintzen" dutela salatu du ELAk. Izan ere behin-behineko kontratuen ehunekoa "oso altua" izaten jarraitzen du Estatuan, %87. Gaineratu dute behin-betiko kontratazioa ez dela behar beste hazi eta aldiz "aldizkako kontratu finkoen igoera" nabarmena izan dela eta horiek gainera "hutsalak" direla "aldi baterako kontratuen aldean".

Datuak oinarri ELAk aldarrikatu du "lan erreforma erabat indargabetzea dela bidea". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!