Jardunaldi akademikoak antolatu ditu Nafarroako Parlamentuak. 40 urte dira Nafarroako trantsizio “luzeari” amaiera eman zion eta Nafarroari erregimen propioa izatea ahalbidetu zion Foru Amejoramenduaren legea onartu zela 1982an. Bi helburu izan dituzte: historikoki araudia nola gauzatu zen ezagutzea eta lau hamarkaden ondoren zein aldaketa egin daitezkeen aztertu.
Akademikoa eta politikoa izanen da jardunaldia. Ganberan ordezkapena duen talde bakoitzak haren iritzia emateko aukera izanen du azken egunean, legeren erreformari nondik helduko lioketen jakitera eman dezaten. Ostiralean hasiko dira jardunaldiak, eta martxoaren 18ra arte luzatuko dira. Ondoren ondorioekin ponentzia bat osatuko dute parlamentariek legearen erreformaren gaia ganberan lantzeko.
Legeak Nafarroako eskumenak jasotzen ditu, zituenak, dituenak eta izan ditzakenak. Azkenetako bat bereganatzen trafikoarena izan da, oraindik erabat gauzatu ez dena. Autogobernua indartzen dute horiek parlamentuko presidente Unai Uhalderen iritziz, eta horretan sakontzeko beharra azpimarratu du.