Errusiaren eraso militarra salatu du Nafarroako Parlamentuak, aho batez

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 28a, 11:22

Errusiak indar militarrak Ukraniatik atera ditzala eskatu dute parlamentuko taldeek. Eguerdian elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Gobernuak, parlamentuak eta tokiko erakundeak, erasoa gaitzesteko.

Biktimen kopurua handitu aurretik borroka berehala bukatzea exijitu du Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzordeak aho batez. Konponbideak bilatzera deitu dituzte eragile guztiak, eta desadostasunak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna dela azpimarratu du ganberak. Gainera, Europako erakundeak premiatu dituzte arreta eman diezaieten Ukrainatik lekualdatu eta Europako beste herrialdeetan babesa bilatzen ari direnei.

Europar guztiak erasotzen ari da Errusia, Navarra Sumaren eta PSNren iritziz. Nafarroan gerrak izanen duen eragin ekonomikoaz galdetuko diote Nafarroako Gobernuari osoko bilkuran sozialistek. Geroa Baiko Uxue Barkosek gerrari parlamentuak esandako "ezetza" azpimarratu du, eta auzia konpontzeko "bide demokratikoen" beharra aipatu du. EH Bilduko Bakartxo Ruizek “kezka” agertu du gertatzen ari denarekin, eta elkartasuna adierazi die kaltetutakoei. Nazioartean gertatzen diren gatazkei arretaz begiratzeko beharra azpimarratu du Ahal Duguk. “Duela zortzi urte abiatu zen hau”, gogoratu du Mikel Builek. Ezetz gerra guztiei esaten diela azpimarratu du Marisa De Simon Ezkerrako eledunak: “Ukranian, Afganistanen, Sirian… Eta gerrari ezetz esateak, NATOri ezetz esatea dakar”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!