Eraispena ez da aski izan garaipena eraikitzeko. Reala denboraldiko unerik txarrenean iritsi zen derbira: Atleticen aurka jipoia jaso eta gero, Europa Ligetik kanporatu berri, taldeak azken asteotan pilaturiko nekearen poderioz bigaren taldeko jokalariak hasierako hamaikakoan sartuta. Halere, garaile atera zen Reala irabazle Anoetan, Reale Arenan.
Defentsan txukun baina erasoan kamuts aritu zen Osasuna lehen zatian. Eta bigarreneko lehen minutuetan, beste behin ere gaizki defendaturiko korner batean, gola jaso zuen talde nafarrak, Elustondok ahoko zuloan akatsa ederki aprobetxaturik.
Tximi Avilaren erdiraketetatik iritsi zen Osausnaren arrisku urria. Azken minutuetan, jada Kike Garcia, Budimir eta Avila bera berdegunean zirela, kemenaren kemenez beste aukeraren bat sortu zuten. Areago, Nacho Vidalek gola sartu zuen, baina jokoz kanpo zegoela Mateu Lahoz arbitroak baliogabetu egin zion.
Edonola ere, Realak mereziriko garaipena erdietsi zuen. Norgehiagokaren ondotik bere taldea nahi eta ezinean aritu zela aitortu zuen Jagoba Arrasatek: "Batzuetan nahi duzuna egiten duzu, eta beste batzuetan uzten dizutena".
Hamasei denboraldi daramatzate gorritxoek Anoeta aldean garaipenik lortzeke. Gaur hamar eta erdietan entrenamendua izanen dute Taxoaren. Bihar, jai.