Osasunak euskararen presentzia indartzeko aurrerapausoa eman du. Aurreko astean martxan jarri zituzten ‘Kolore Gorriz’ eta ‘Astea Gorriz’ ikusentzunezko eduki eskaintzak.
Klubeko estatutuek argi diote izaera elebiduneko erakundea dela Gaztelu Plazakoa eta hori gauzatu dadin lanean ari da komunikazio zerbitzua. Mikel Erbiti bertako kidea da eta Irrintzi Plaza saioan eman ditu egitasmoaren nondik norakoak.
‘Kolore Gorriz’ bideo erreportaje seriea izango da, eta bi astean behin sareetarako piezak eskainiko dituzte klubeko jokalari, langile eta arlo desberdinei buruz. ‘Astea Gorriz’ aldiz, ostiraletan argitaratuko duten bideo buletin laburra izango da eta bertan lehen taldeari buruzko informazioa eta klubaren egituraren asteko gaiak bilduko dituzte.
‘Kolore Gorriz’ seriean heldu den astean klubak senideekiko harremanetarako eskaintzen duen zerbitzuaz arituko dira.