Izai Bujanda (ELA): “Greba eraginkorra da: protesten ondotik egin dute lehenengo proposamena; urria, baina egin dute”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ots. 23a, 10:09

Bigarrenez, ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek grebara deitu dituzte zahar etxeetako  langileak. Lan baldintza duinak nahi dituzte, eta hori bermatzeko lan hitzarmena. Negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute.

Iazko maiatzean bildu ziren lehenengoz negoziazio mahaian patronalak, Nafarroako Gobernua eta lau sindikatuak. Nafarroako adinekoen zentroen sektoreko lehenengo hitzarmen proposamena aurkeztu zuten langileen ordezkariek, patronalak, ordea, urtarrilera arte ez die ezer eskaini. “Urtarrilaren erdialdean lehenengo proposamena egon zen, justu lehenengo greba eguna egin eta bi egunetara edukitako bileran”, azaldu du Euskalerria Irratian Izai Bujanda ELAko kideak. “Oso proposamen eskasa da, oso urruti dago sindikatuok aurkeztutakotik. Lehenagotik ere garbi baldin bageneukan grebaren eraginkortasuna, borroka honetan oso garbi ikusi dugu”, gaineratu du. 

Bihar bilduko dira berriro hitzarmenaren negoziazioarekin jarraitzeko, gaurko mobilizazioak baldintzatutakoa izanen dela ziurtatu du Bujandak. Soldataren igoera bat eskatzen dute sindikatuek, ratioen hobekuntzak eta ordutegietan egokitzapenak. Patronalak ez du bat bera ere onartu. “Eskainitakoa oso urria da, beraz, oraingoz ezin dugu ezin dugu esan akordiotik hurbil gaudenik”. 

Eredu publiko doako eta unibertsal baten faltan, hitzarmena ezinbestekoa dela dio Bujandak. “Patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago hau aurrera joatea ala ez. Taldeen postura ikusita edo orain arteko jarrera ikusita, esango genuke gaurkoa ez dela azkeneko greba eguna izango”. 

12:00etan elkarretaratzea eginen dute, parlamentuaren atarian. 17:30ean manifestazioa izanen da, autobus geltoki zaharretik abiatuta. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!