Herenegun amaitu zen administraziorako sarbiderako euskara arautzen duen dekretuaren aurka alegazioak aurkezteko epea. Urtarrilaren amaieran aurkeztu zien Nafarroako Gobernuak prestatu duten zirriborroa Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean. Oinarria ez da onargarria LAB sindikatuaren iritziz, eta beste testu bat negoziatzeko eskatu diote gobernuari. Zirriborroak Espainiako Konstituzioa eta Euskararen foru legea urratzen dituela uste du sindikatuak.
Konstituzioaren 3.3 artikuluaren arabera, “Espainiako hizkuntza-modalitateen aberastasuna kultura-ondarea da, eta bereziki errespetatu eta babestuko da”. Euskararen Foru legearen 1. 2 artikuluak, aldiz, zehazten du araudiaren xedea “euskararen erabilera normal eta ofiziala arautzea” dela, “ gizarte-bizikidetzaren arloan, bai eta irakaskuntzan ere”. Ezinbestekotzat jotzen du, halaber, “herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta eskubide hori gauzatzeko tresnak definitzea”, “euskararen berreskurapena eta garapena babestea, erabilera sustatzeko neurriak adieraziz” eta “euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”. Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izango dutela ere ezartzen du puntu horrek.
Administrazio publikoekin harremanak euskaraz izateko eskubidea bermatzeko zenbait neurri jaso beharko lituzke dekretuak, sindikatuaren iritziz. “Esan diegu, adibidez, oposizio fasean ere euskararen ezagutzarako borondatezko proba ez baztertzailea sartzea. Herritarrak zuzenean artatzen diren lanpostu guztietan herritarrak euskaraz artatzeko behar den hizkuntza gaitasuna duten langileak egotea eta Nafarroako biztanleen hizkuntza eskubideak bermatzen dituen beste edozein”, argitu du LAB sindikatuko funtzio publiko arduradun Isabel Artiedak.