ELAk alegatu du "erabaki politikoak" jaso dituztela dekretuan

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 16a, 12:32

Dekretuak euskararen normalizazioan “atzerapausoa” ekarriko lukeela ziurtatu du ELAk funtzio publikoko mahaian gobernuak aurkeztutako zirriborroari egindako alegazioetan: “Dekretuak euskara gutxiesten du, eta, ondorioz, Nafarroako gizarte osoa”.

ELAren ustez, euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan hartu behar da kontuan. “Jakin badakigu 1986ko Euskararen Legeak zehazten duela zonifikazioa, eta horregatik aldarrikatzen du ELA sindikatuak lege hori indargabetzea”, zehaztu dute. Borondate politikoa da gakoa, sindikatuaren arabera. 

Administrazioan sartzeko euskararen balorazioa jasotzen ez duela zehaztu du sindikatuak, “osasun lanpostuetarako lehiaketa-oposizioa salbu”. “Euskarari ez zaio inolako baliorik ematen, modu orokorrean, edozein lehiaketa edo oposizio-lehiaketan aplika daitekeenik”, diote. 103/2017 Dekretuan eta 55/2009 Dekretuan ez bezala, zirriborroa lekualdatze lehiaketetarako, buruzagitzak edo zuzendaritzak betetzeko, kategoriaz igotzeko, Foruzaingoko lehiaketetarako eta Osasunbidean sartzeko lanpostuetan egiten ditu proposamenak aldaketa zehatzak. 

Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautuko duen Foru Dekretuaren zirriborroak hiru dekretu aldatuko ditu (215/1985 FD, 57/2022 FD eta 347/1993 FD). Horien arabera, eremu ez-euskaldunean euskara ezinen da baloratu. 2019an Nafarroako Auzitegiak euskara baloratzeko aukera ematen zuen artikulua indargabetu zuen 2017ko dekretutik. “Epai hori onartzeak ez luke zertan ekarri behar beste arauketa batera igarotzea, non euskarak ez duen ezer puntuatuko eta beste hizkuntza batzuk, hala nola frantsesa, ingelesa edo alemanak ordea, bai. Gure ustez, euskara edozein baloraziotatik baztertzea erabaki politikoa da, Nafarroako hizkuntza-normalizazioaren kalterako dena, eta, gainera, Nafarroako Arartekoak eta Nafarroako Kontseiluak adierazitakoaren aurkakoa”, zehaztu du sindikatuak. Eremu ez-euskaldunean euskara ez baloratzea “diskriminatzailea” dela alegatu dute. 

Eremu mistoan, dekretuaren zirriborroak euskararen balorazioa lanpostu jakin batzuetara mugatzen du. ELAk beharrezkotzat jotzen du euskarari balorazio duina egitea eremu mistoko edozein lanpostutarako, eta balorazio hori lanpostu jakin batzuetarako kualifikatua izatea.
ELAk, gainera, salatu du zirriborro berriak ezabatu egiten duela zerbitzu zentralen kontzeptua. ELAren ustez, beharrezkoa da zerbitzu zentralen espezifikotasuna jasotzea, “euskara baloratzeko aukera ematen baitute, haien kokapena edozein dela ere”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!