Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak kexu dira, entsegu lokala Barañaingo auditorioan ezarri zaielako, Iruñea, Noain, Mutiloa eta Atarrabiako beste lokal batzuetik pasa eta gero. Musikariek Baluarte erabili nahi dute egoitza moduan, horrela eskatu diote kultura kontseilariari. Baina pasa den astean, Rebeca Esnaolak, parlamentuan argi ta garbi esan zuen, Barañaingo auditorioan, 10 urterako akordioa sinatu dela, hain zuzen orkestrari egonkortasuna emateko helburuarekin, beraz epe laburrean ez dago musikarien eskariari erantzuteko asmorik.
Orkestrako enpresa batzordeak erantzun du gobernuaren ezezko honen aurrean. Lan Ikuskaritzara joan dira, Barañaingo auditorioan dituzten lan baldintzak salatzera. Haien jardunerako tenperatura eta argitasuna ez direla egokiak salatu dute, entseguetan 30 gradutara iristen direlako eta argiak, baxuegi daudelako partiturak irakurtzerako orduan. Soinu bolumenaren gaineko azterketa berriz ere egitea eskatu dute.
Musikariek aurrez aurreko erronka bota diote kontseilariari eta egoitza aldaketarik gertatu ezean, haien kontratuen legezkotasuna ere berrikusiko dituztela iragarri dute. Bi aste hauetan ez da kultura departamentuarekin hartu emanik izan.