EAtik kanporatu dituzte Maiorga Ramirez, Miren Aranoa eta Esther Korres kritikoak

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 21a, 10:09

Eusko Alkartasunako sektore kritikoko kideek lau urterako etenda dute Eusko Alkartasunako afiliaizioa. Gaur sartu da indarrean zuzendaritzaren erabakia, Eba Blanco idazkari nagusi izendatu duen XIII. Nazio Biltzarreko kongresuaren biharamunean.

Eusko Alkatasunako barne hausturak garapen bizia izan du asteburuan. Alderdiak  XIII. Nazio Biltzarreko kongresua egin du Gasteizen. Kritikoek ez dute batzarrean parte hartu, eta bilkura propio bat egin dute, Gasteizen ere. "Arau hauste oso larriak egitea" egotzi die zuzendaritzak sektore kritikoko Eusko Alkartasuneko bost kideei, eta alderditik lau urterako kanporatu ditu. Sektore kritikoak, hala, "alderdiaren demokratizaziorako talde eragilea" eratu du, kanporatutakoen lekukoa hartzeko. Taldea osatzen duten kideek ez dute postu organikorik alderdian. Zuzendaritzaren jarrera deitoratu dute kritikoek, adieraziz "alderdiak EH Bilduren baitan independentzia gehiago izan dezan" lanean jarraituko dutela.

Zuzendaritzak kritikorik gabe egin du nazio batzarra, asteburuan. Eba Blanco izendatu dute idazkari nagusi. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 135ek hartu dute parte, eta Blancoren aldeko 134 botorekin onartu dute haren hautagaitza. Blancok gaitzetsi egin du "ildo kritikoak sortutako ikuskizuna", eta amaitutzat jo du "EA EH Bildutik kanpo utzi nahi duen joeraren ibilbidea". Hilabete bat dute kritikoek erabakiaren aurkako alegazioak aurkezteko.

Eragina, Nafarroako Parlamentuan

Krisiak Nafarroako erakundeetan zein eragin izanen duen ikusteko dago. Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentaria da, EA alderdia ordezkatzen zuen orain arte. Afiliazioa etenda EH Bilduko parlamentari izateari utzi beharko liokeen edo akta utzi beharko lukeen edo ez EH Bilduren erabakia dela esan dute aldeek, orain arte. 

Parlamentuko Mahaiko kidea da Ramirez; EH Bildu taldetik kanpo geratuko balitz, kargu hori galduko luke, parlamentuko erregelamenduaren arabera.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!