Arbitroen erabakiek eragin zuzena izan zuten norgehiagokan, baina baita Jagoba Arrasaterenek ere.
Deigarria izan zen Melero arbitro nagusiak zein Medie VARa zuzendu zuenak zalantzarik ez edukitzea Atletico de Madrilek bigarren minutuan sarturiko lehen golean. Area txikian, Luis Suarezek besoekin eta ipurdiarekin Sergio Herreraren irteera oztopatu zuen. Epaileek ez zuten deus ikusi. Eta Joao Felixek aldaratzea sareetara bidali zuen.
Handik gutxira, Cholo SImeoneren taldearen arean, Vrsaljkok besoa zabaldu eta David Garciari aurpegian zaplaztekoa eman zion. Penaltirik ez.
Esan gabe doa bi jokaldiok norgehiagoka baldintzatu zutela. Baina baita Osasunaren nortasun galerak ere. Goian ez zuen presiorik egin. Eta bertikaltasuna galdu zuen, baloia behin eta berriz horizontalean jokatuz. Hala, Osasuna eroso ikusi genuen partidaren tarte askotan, baina arrisku gutxi eragin zuen Oblaken ate inguruan. Handiena, zutoinera joan zen Budimirren burukada baten bitartez.
Atletico de Madridek, berriz, azkenaldian galduta zuen nortasuna berreskurartu zuen. Atzean sendo, eta erasoan eraginkior. Bigarren zatian Luis Suarezek, oso urrutitik, gol ederra sartu zuen. Sarri hirugarrena ere iritsiko zen.
Datorren asteburuan, Donostian, Reala aurkari. Puntuak urratzeko, sendotasuna berreskuratu beharko.