Parlamentuko lehendakaria Torturatuen Sarearen ordezkaritza batekin bildu da

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 18a, 13:15

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur, parlamentuan, Nafarroako Torturatuen Sarearen ordezkari Jorge Txokarro eta Mariló Gorostiagari.

Unai Hualdek nabarmendu du Nafarroako torturari buruzko ikerketarekiko konpromiso parlamentarioa indarrean dagoela 2016. urtean ebazpen bat onartu zenetik. 

Elkarte gisa ofizialki aurkeztera joan da gaur Nafarroako Torturatuen Sarea, Nafarroako Parlamentura. Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen tratu txarren biktimen erregistro bat eratzek elkarteak emandako pausoen berri eman diote Jorge Txokarrok eta Mariló Gorostiagak Unai Uhalde lehendakariari. 1961 eta 2012 artean  mila torturatu inguru izan zirela uste du elkarteak. “Helburua zerrenda ahalik eta zehatzena osatzea da, testigantza eta froga horiekin erakundeengana aitortza eta erreparazio bila jo ahal izateko. Laguntza-plataforma gisa, asmoa da txosten zehatz eta fidagarri bat izatea, salatzaileei laguntzeko eta, bide batez, historikoki isilean egon den eztabaida bat irekitzeko. Terrorismoaren aurkako borrokaren esparruan tortura babestu duen inpunitatea salatzeko asmoarekin sortutako mugimendua da gurea”, adierazi dute. 

Unai Uhaldek Nafarroako Torturatuen Sareari jakinarazi dio, elkarte gisa, batzordeen lan-saioen bidez Legebiltzarrean agerraldia egiteko aukera duela, hala nahi izanez gero. Era berean, lehendakariak gogorarazi du Foru Parlamentuak ebazpen bat onetsi zuela 2016an, Nafarroako Gobernuari eskatuz argitu zitzala tortura eta tratu txar kasuak. “2020an aurkeztu zen 1960tik 1978ra bitarteko ikerketa Legebiltzarrean, eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak dagoeneko jakinarazi du aurrerapausoak ematen ari dela, IVACen txostenaren gomendioari jarraiki, proiektu zabalagoa bultzatzeko”.

Uhaldek berriro ere azpimarratu duenez, “Nafarroan torturaren fenomenoa ikertzeko konpromiso parlamentarioari, zoritxarrez, oztopo ugari jarri zaizkio, talde eta erakunderen helegite judizialen ondorioz”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!