AHTaren "zentzugabekeriaren" aurrean, egungo trenbideen alde eginen du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 18a, 13:02

Iñaki Ruiz de Pinedo, Bel Pozueta, Unai Fernández de Betoño eta Adolfo Araiz, EH Bilduren egoitzan.

Espainiako Kongresuan eta Europako Batzordean ekinbideak bideratuko dituzte Nafarroako eta Arabako proiektuak geldiarazteko helburuz. Herrialdeetako parlamentuetatik, berriz, hausnartzera deituko dituzte Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritza.

“Hondoa jo du abiadura handiko trenaren defentsak”, EH Bildu alderdiaren iritziz. Egungo testuinguruan, klima aldaketaren erronkaren aurrean, babestu ezin den proiektua dela uste dute, "Europako Kontuen Batzordeak eta Europako Batzordearen txosten batek hala berresten dutelako". Egun, Nafarroan, Castejón eta Zaragoza arteko korridorearen lanak baino ez dituzte abiatu, horien %4 dago egina, eta Nafarroako trenak Euskal Y-koarekin izango lituzkeen loturak proiektu baino ez dira. “Argi dago epe ertainean, ez direla eraikiko. Beraz, Mediterraneoarekin eta ardatz atlanikoarekin loturarik izanen ez duen tren sarea egiten ari dira”, adierazi du Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak.

Zehaztu dutenez, Europatik jasotako azken txostenen arabera, egun ezin da hitz egin abiadura handiko Europako sareaz, baizik eta "mosaiko" bati buruz. Eta Garraio Sare Transeuropearraren (TEN-T, ingelesezko laburduran) berrikuspenean  Gasteiz eta Iruñea arteko lotura ez egiteko gomendioa egin dio Europako Batzordeak Espainiari, eta egun dauden bideak erabiltzeko. Hori da EH Bilduk bultzatu nahi duena. "Gure trenbidearen inguruko hausnarketa egin behar dugu", adierazi du Bel Pozueta diputatuak. Trenbideak Europako zabalera egokitu behar direla uste dute, eta merkantziak eramateko doitu. 

Arabako eta Nafarroako proiektuak bertan behera utz ditzatela eskatzeko ekimen zehatz zenbait erregistratu ditu alderdiak Espainiako Kongresuan. Nafarroako Gobernuari ere hausnarketa sakon bat egiteko galdegin diote, eta Europako Parlamentuan hainbat galdera tramitatu dituzte Europako Batzordeak Iruñea eta Gasteiz arteko proiektua jaso ote duen ezagutzeko. 

Al-TAV-oz jardunaldiak, bihar

Bihar azpiegituraren inguruko jardunaldiak eginen ditu AHT Gelditu! mugimenduak, Plazara gunean, AHTaren errealitateari erreparatzeko. 10:30ean hasiko dira hitzaldiak, eta 19:00etan bukatu, kalejira batekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!