Aridane eta Kike Barja deialdira itzuli dira, baina Ruben Garcíaren parte-hartzea zalantzan jarri du Jagoba Arrasatek, nahiz eta deialdian sartu den. Osasunaren gizonezkoen taldea une onean iritsi da Atletico Madrilen aurka aritzeko.
Ligako txapelduna da Diego Pablo Simeonerena eta heldu den astean Txapeldunen Ligan Manchester Uniteden aurka arituko da. Ez datoz une goxoan madrildarrak, Ligan Levanteren aurka Metropolitanon galdu ostean eta etxean Valencia eta Getaferi zalantza askorekin irabazita.
Kontratua berritzetik gertu dagoen gorritxoen entrenatzaileak azpimarratu du “ez ohikoa dela Atleticok gol asko jasotzea, baina aurten gertatzen ari dela”, hala ere, arerioarekiko “errespetu osoa” adierazi du, nabarmenduz “perfekziotik gertu” ibili beharko direla biharkoan. Zuhur bai baina Osasunak egun “halako taldeekin buruz buru lehiatzeko ahalmena” duela aipatu du. Gogorarazi du ere lehen mailara bueltatu zirenetik gorritxoek beti galdu dutela Atleticoren kontra
Hainbat hilabetetako etenaldiaren ostean lesiotik osatu da Aridane eta deialdian sartu da, eta harekin batera Kike Barja, Alavesen aurkako lagun arteko partiduan min hartu zuelarik eta zenbait egunetako etena egin ostean.
Hala ere ez dirudi aldaketa handirik egingo dituenik Berriatuakoak, nabarmendu baitu “funtzionatzen duena ez dela zertan aldatu behar”, beti ere “hobetzeko tartea badago ere”.
Osasunak jokalariak berreskuratu ditu eta Atletico Madridek aldiz galdu: Wass, De Paul eta Hermosoren baja baieztatu dituzte eta haiei Cunha aurrelaria batu zaie. Azken bi jokalari hauek oso garrantzitsuak izan dira Simeonerentzat azken boladan, eta balizko beste baja bat izan dezakete, PCRaren emaitzen zain eta Ligaren baimena behar duen Carrascorena.
Partidua 16:15ean hasiko da eta 16:00etatik atarikoaren kontakizunari ekingo dio Euskalerria Irratiak FM98.3an eta www.euskalerriairratia.eus atarian. Epailea Mario Melero Lopez andaluziarra izango da.